1936ko abuztuaren 8an Gesaltza Añanan atxilotu eta Gasteizko espetxera eraman zituzten Francisco Cruzado Fernandez de Arangiz eta haren koinatu Jose Maria Garcia Saez Rioja. Ondoren, biak gerra kontseilu batean epaitu zituen frankisten auzitegi militar batek. Garcia Saezi matxinada militarra eta armak eta lehergaiak izatea leporatu zioten, eta hogei urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Cruzado Fernandez de Arangiz, berriz, gerra kontseiluan absolbitu zuten, eta 1936ko abuztuaren 18an aske utzi omen zuten, "gobernadore militarraren esanera" egoteko baldintzapean. Ordutik, desagerturik dago.
"Ez zen inoiz iritsi ez gure herrira ez bere etxera. Gasteizko espetxean sartu zutenetik ez dugu haren berririk izan", azaldu du Raul Garciak, Cruzadoren ilobak. Familiak lortu duen dokumentazioan datu nahasiak jaso dira, eta gainera, aitonak familiari kontatu zion koinatua berarekin egon zela Ezkaban, Garciak kontatu duenez. Susmo txarrak ditu Ahaztuak elkarteak ere, eta gogoratu du Cruzado Fernandez de Arangizen kasuan, beste kasu batzuetan bezala, "askatasuna eufemismo bat baino" ez zela izan hilketa estrajudizial bat estaltzeko. "Espetxetik atera eta zain izango zuen falangisten edo erreketeen talde bat, eta judizioz kanpo erailgo zuten, edozein arekatan", esan du elkarteak.
Jauntxoaren jomugan
Jose Maria Garcia Rioja, ordea, etxera itzuli zen, Gasteizko eta Ezkabako espetxeetan eta Urduñako kontzentrazio esparruan sei urte luze igaro ondoren. "Aitona Mañuetakoa zen, San Vicente de la Sonsierran jaiotakoa, eta Gesaltza Añanara etortzen zen maiz ardoa ekartzera eta gatza eramatera. Bidaia batean amona ezagutu zuen eta bertan geratu zen bizitzen", kontatu du haren bilobak. Horregatik zuen Rioja ezizena, eta hain zuzen Errioxako ohiturak Añanakoen desberdinak zirelako herriko jauntxoaren jopuntuan izan zen Garcia hasieratik: "Aitona ez zen mezara joaten, eta Gesaltza Añanan jendea bai, eta oso itxiak ziren. Gainera, osabak kontatu du UGTn omen zegoela aitona".
"Askatasuna eufemismoa izan da sarritan hilketa bat estaltzeko"
(Ahaztuak elkartea)
Padulgo harrobian egiten zuen lan Riojak, eta han dinamita erabiltzen zuten, eta gainera, ehiztaria zenez eskopetak zituen etxean. Bere kontrako epaian jasotzen da armak eta lehergaiak Guardia Zibilak emandako epean ez entregatzeagatik atxilotu eta espetxeratu zutela. "Tira, ziurrenik norbaitek salatuko zuen eta eraman zituzten biak, Gasteizko kartzelan sartu zituzten, eta hortik Iruñera, Ezkabara, eraman zuten aitona, eta ondoren Urduñako kontzentrazio esparrura. Aitona espetxeratua egon zen bitartean, Mañuetara joan behar izan zen nire aita, aitona-amonekin bizitzera".
Isiltasuna nagusitu da
Bi atxiloketa hauen inguruan ez da hitzik ere esan Gesaltza Añanan azken laurogeita sei urteetan, nabarmendu du Garciak. Espainiako Gerran eta frankismoan hainbat herri txikitan frankistek egindako sarraskiak eta hilketak ezkutatu diren bezala, sarritan isiltasuna nagusitu da ere atxilotuen eta ekonomikoki jazarri zituzten herrikideen inguruan.
Are gehiago, Garciak kontatu duenez, biktimen familiak erreparo pixka batekin hartu du bi gizonen memoria berreskuratzeko bilobak hasi duen ekimena. "Ondo iruditzen zaie, arazorik ez dute egiteko, eta gainera, jakin nahi dute zer gertatu den, eta dokumentazioa eman nien; baina, bai, ikusi dut batzuek oraindik beldurra dutela, erreparoa; jende nagusia da eta ez dira nabarmendu nahi".
"Ehiztaria zen aitona; armak ez entregatzea leporatu zioten" (Raul Garcia, 'Rioja'ren biloba)
Txema Flores eta Iñaki Gil Araba en 1936. Guerra y represión liburua idazten ari zirenean izandako elkarrizketa batzuetan piztu zitzaion Garciari bere senideen pista jarraitzeko grina, duela urte asko. "Herriko batzuekin hitz egiten egon ziren errepresaliatuen informazioa bilatzeko, tartean nire aitarekin ere hitz egin zuten. Bakarrik atera zituzten aitonaren eta koinatuaren izenak eta maisuarena". Ondoren, 2010. urtean, La Tejerako portuan hobi komuna bilatzen egon zirenean, Ahaztuak elkarteko kideekin komentatu zuen Garciak senideen kasua eta haien memoria berreskuratzeko asmoa.
Maiatzean, omenaldia
Azkenik, data zehazteke duten arren, maiatzean omenaldia egiteko asmoa dute Ahaztuak elkarteak eta senideek, eta plaka bat ere jarriko dute Gesaltza Añanako Revilla kalean, Jose Maria Garcia Saezen etxea egon zen tokian.
Halere, alderdi politikoen eta erakundeen inplikazioa faltan bota du Garciak senideen memoria berreskuratzeko prozesu luze horretan baita ekitaldia antolatzeko orduan ere. "Ez zait gustatu, nik mugitu behar izan dudalako guztia, eta ez dut uste familia bat arduratu behar denik horrelako ekitaldi bat antolatzen, uste dut badaudela erakundeak hori egiteko. Alde horretatik, hausnarketa egin beharko da Gesaltza Añanako Udalaren jarreraren inguruan", esan du Garciak.
Iragan otsailean, Ahaztuak elkarteak aurkeztu zuen mozioaren harira , udalak baimena eman du herrian plaka bat jartzeko –Juan Carlos Medina alkatearen ezezko botoarekin, besteak beste–, eta, orain arte bederen, horretara mugatuko da udalaren ekimena. Izan ere, mozioan Ahaztuak elkarteak jasotzen zituen beste eskaera batzuk atzera bota dituzte. Hala, Garcia eta Cuadrado herriko seme kutunak izendatzeko eskaera ez du onartu Gesaltza Añanako Udalak, eta era berean, kale horretan dagoen txoko bat Errepublika Plaza izendatzeko eta bertan memoria gune bat sortzeko aldarrikapenari ezezkoa eman dio.