MARIO PEREA

"Adineko jendea herrian nahi dugu; ahalik eta luzeen, aktibo"

Juanma Gallego 2022ko mar. 27a, 06:00

Berantevillako Alternatiba Independentea zerrendaren partez udalerriko alkatea da Mario Perea. ALEA

Zerbitzuak ematen ez dituzten herrien etorkizuna iluna dela ondotxo daki Pereak. Hortaz, udalerrian ahalik eta gehien eskaini nahi dituzte.

Duela gutxi goitik behera berritu duten udaletxean artatu gaitu Mario Perea (Miranda Ebro, 1975) Berantevillako alkateak. Udalerri txiki bateko alkatearen lana konplikatu samarra dela aitortuta ere, baikortasunez ikusten ditu  mahai gainean dituen proiektuak, adinekoei eta gazteei zuzenduta.

Berantevillako Alternatiba Independente taldearen izenean zaitugu alkate. Zein izan zen hautagaitza horren abiapuntua?

Duela hamabi urte ikusi genuen herriak erabateko aldaketa behar zuela, batez ere arlo sozialeko gai batzuk ez zirelako jorratzen ari. Hortaz, hainbat lagun elkartu ginen, joera desberdinetakoak. Une horretan zegoen marko politikoarekiko zerbait ezberdina sortu nahi genuen. Uste genuen azpiegitura eta lan erraldoirik egin behar izan gabe herrian hobekuntzak egin zitezkeela. Batez ere gai sozialetan murgildu gara, herriko jendeari begira. Oro har, kultur jarduera eta ongizate soziala lehenetsi ditugu.

"Gazteei begira proiektu bat lantzen ari gara, haiek ere herrian inplikatu daitezen"

Zer proiektu nabarmenduko zenituzke?

Iaz zahartze aktiboari buruzko proiektu bat abiatu genuen, ikusten genuelako adineko jendeari, hitzaldi edo ekintza puntualez gain, zerbait gehiago eman behar zitzaiola. Guretzat funtsezkoa da adinekoek ahalik eta denbora gehien herrian ematea, euren etxeetan bertan, eta ez zahar etxe edo eguneko zentro batean. Zentro medikoak koordinatzen duen proiektua da, medikuaren, erizainaren eta ongizate sozialeko teknikariaren bidez. Kanpo enpresa baten bitartez kudeatzen ari gara, eta oso ondo funtzionatzen ari da. Aurretik, 30 elkarrizketa pertsonalizatu baino gehiago egin genituen, adineko jendearen beharrak ondo ezagutzeko. Bi talde ditugu: batek arlo kognitiboa lantzen du; besteak, arlo fisikoa.

Duela zenbait urte mediku arretari buruzko gabeziak salatu zenituzten. Konpondu da afera?

Bai, ordezko bat jarri ziguten. Baina adi mantendu behar gara, berriro gerta ez dadin. Hemen osasun zerbitzua egunero goizez irekita dago. Baina, lehen, oporrak iristen zirenean, medikuren batek baja hartzen zuenean zerbitzurik gabe geratzen ginen. Herri txiki hauetan dagoen arazo handiena despopulazioa da, eta horregatik funtsezkoa dugu zerbitzuak mantentzea. Bestetik, gaur egun gero eta mediku gutxiagok izan nahi dute familia mediku, gainerakoen aldean baldintza kaxkarragoak dituztelako. Hemendik urte batzuetara, gainera, familia mediku askok erretiroa hartuko dute, eta orduan arazo potolo bat izango dugu.

Telekomunikazioetan estaldura arazoak daudela salatu duzue ere. Nola dago gaur egun egoera?

Une honetan zuntz optikoa Berantevilla, Mijancas eta Santa Cruz del Fierrora iristen da, eta baita Lacorzanillako industrialdera ere. Santurden eta Toberan zuntza jartzeko proiektua dago. Lacervillara ere iritsi behar da, baina, momentuz, proiektua geldituta dago. Telefono mugikorren estalduran arazo gehiago daude: Berantevillan Movistarren estaldura baino ez dago, eta Mijancas, Santurde eta Toberan ez dago inolako estaldurarik. Pentsa Mijancasera zuntza iristen dela, baina ez telefono estaldura! Hori konpontzeko eskatzen ari gara, diputazioak estaldura herri guztietara iristeko konpromisoa emana duelako. Batetik esaten dugu jendea herri txikietara bizitzera etorri behar dela, baina gero ez dugu telekomunikazio aukerarik eskaintzen. Eta jakina da gaur egun zuntza eta estaldura ezinbestekoak direla.

"Gaur egun zuntz optikoa eta telefono estaldura ezinbesteko zerbitzuak dira"

Tentsio handiko linea bat gertutik pasatzekoa zen. Horretan berririk al dago?

Ez. Guk bere garaian alegazioak aurkeztu genituen, eta, dakigula, diputazioa ere aurka dago. Hemendik ez ezik, Nafarroako zenbait puntutatik lineak eratu nahi zituzten. Ez du ez hanka ez bururik Zaragozatik Jundizera argindarra ekartzeak.

Nola daramazu kargua, maila pertsonalean?

Gogorra da. Alkate bezala, diru sarrera bat dut, baina kanpoko lan batekin osatu behar dut ere. Saiatzen naiz ahalik eta hobekien eramaten, baina konplikatua da dena batera eramatea, familia eta seme-alabak ere zaindu behar direla kontutan hartuta. Egun batzuetan dena utziko nuke; beste batzuetan, gauzak zeinen ondo atera diren pentsatu eta poztu egiten naiz. Gero, badakizu, udal txikietan, jende guztiak ezagutzen zaituenez, batzuetan datorkizu hau edo bestea eskean; eta zerbaiti ezetz esanez gero, uste dute kontu pertsonala dela. Tira, ni herrian agintari nagusia izan arren, printzipio eta irizpide tekniko batzuen arabera jardun behar dut, eta teknikariek egindako txostenen arabera gidatu beharra daukat. Baina batzuetan jendeari kostatzen zaio hori ulertzea.

Zeintzuk dira aurrera begirako erronka nagusiak?

Batetik, adinekoekin egin dugun bezala, hamalau urte gorako gazteei begira proiektu bat prestatu dugu. Oraingo honetan ere, kanpo enpresa baten bitartez elkarrizketak egingo ditugu, haien beharrak ondo ezagutzeko. Lokal batean abiatuta, gazteak herrian mugitu eta inplikatu daitezela sustatu nahi dugu. Bestetik, osasun etxeko goiko solairuan, medikuaren etxebizitza zaharra zen horretan, botika bat jarri nahi dugu, eskualdera atxikita dagoen farmazialariak hainbat orduz zerbitzua eman dezan. Lizitatzeko moduan dago jada, eta espero dut agintaldia bukatu aurretik martxan egotea. Alboko gela batean ere zahartze aktiboa lantzeko gela bat sortu nahi dugu, bertan mota askotako zerbitzuak eskaini ahal izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago