Espoliazioarekin zerikusia duelakoan pertsona bat salatu dute Gaubean

Erredakzioa 2022ko mar. 9a, 17:29
Sepronak Gaubean harrapatu zituen txanponak. G.C.

51 urteko gizonezkoa ondare historikoaren gaineko delitu baten ustezko egile gisa salatu du Guardia Zibilak, eta, pieza arkeologikoak espoliatzeagatik, 24 hilabeteko isuna eta hiru urteko espetxealdiko zigorra ezar diezaiokete.

Burgosko Guardia Zibilaren Sepronako patruila batek, Gaubeatik Burgosko San Zadornil eskualdera zihoala, pertsona bat ikusi zuen aitzur batekin eta metal detektagailu batekin, finka batean, lurrean, indusketak egiten. Bertara hurbildu eta zortzi zulo egin berri eta inguruan beste zulo asko eginda zeudela ikusi zuten. Guardia zibilek, gainera, bigarren metal-detektagailu bat zeramala baieztatu zuten.

Halaber, gizonezkoaren poltsikoan zazpi txanpon, hiru botoi, bi jaurtigai eta metalezko bederatzi zati zehaztugabe aurkitu zituzten, antzinakotasun handikoak ziruditenak. Arabako Arkeologia Museoak aztertu ondoren jakin izan da, gainera, zilarrezko denario bat zegoela berreskuratutako piezen artean, Araban erromatarren garai horretako pieza bakarra, eta Burdin Aroko beste hondar batzuk.

Bestalde, ibilgailuan plastikozko bi poltsa aurkitu zizkioten, 84 objektu metalikorekin, eta motxila batean, plastikozko kapsuletan eta kartoizko kapsuletan, beste 12 txanpon. Material hori  guztia atzeman zioten, baita tresnak, artxibategi bat eta aztarnategiei buruzko informazioa zuen argitalpen bat ere.

A.E.R., 51 urteko gizonezkoa, ondare historikoaren gaineko delitu baten ustezko egile gisa salatu dute, pieza arkeologikoak espoliatzeagatik, eta 24 hilabeteko isuna eta hiru urteko espetxealdiko zigorra ezar diezaiokete.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide