Kuartango Lab Zuhatzu Kuartangoko bainuetxe zaharra berreskuratzeko proiektuaren fruitua da. Bost mila metro koadroko eraikin erraldoia da, urte luzez itxita egon ondoren berpiztu dutena. Bainuetxe osoaren espazioa enpresa edo erakunde bakar batek hartzea ia ezinezkoa zela ikusirik, eta urte luzez espazioa hutsik egon ondoren, Kuartangoko Udalak bertan gizarte-berrikuntzako eta ekintzailetzako irizpideekin lotutako ekimenak erakartzea erabaki zuen. Martxoaren 12an, ekimena eta ekintzaileak ezagutarazteko ate irekien jardunaldia antolatu dute, 17:00etatik aurrera.
Kuartango Sagardotegia eta Ekotarriko kontserba-industria ekologikoa izan ziren bainuetxe zaharrean sartu ziren lehen enpresak. Hala ere, 2021ean Kuartango Lab forma hartzen hasi zen, enpresa-hazitegi bat sortuz, coworking bat abian jarriz, Hazi Fundazioaren Labean proiektua abian jarriz eta bilguneak, erabilera anitzeko aretoak eta coliving bat sortzeko ideia berriak sortuz, besteak beste. Halaber, Kuartangoko Udalak eraikinaren zati komunak faseka berreskuratu ditu, zerbitzu berrietara eta etorkizuneko proposamenetara berregokitzeko. Lan horretan, Arabako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babes ekonomikoa izan du udalak.
Une honetan, sei enpresa edo erakunde kokatu dira Kuartango Lab espazioan: Kuartango sagardotegia, Ekotarriko kontserba fabrika, Sormen komunikazio enpresa, Uzanza argitaletxea, ondare kultural eta naturalaren aldeko Pachamama Amalurra elkartea, Añanako Garapen Agentzia, Caos!tura eskuz egindako arropa eta osagarrien tailerra, Kimua landareekin diseinuak eta dekorazioak egiten dituen tailerra eta Biko aholkularitza kooperatiba.
Bada, hilaren 12an, 17:00etatik 18:30era, Kuartango Lab egoitza gisa aukeratu duten enpresa eta erakunde guztiek haien egitasmoak aurkeztuko dituzte, eta bisita gidatua egingo da eraikinean zehar. Ondoren, pintxo potea egingo dute antzokiaren sarreran, eta 19:30ean, kontzertua izango da, Corazon Tenedor taldearekin.