Gobea Eskolan Covid-19ak eragindako hainbat positibo agertu ondoren, zentroko zuzendaritzak hainbat gomendio helarazi dizkie Gaubeako familiei, eta badaezpadako neurri gisa, ikastetxea ixteko eskatu du. "Hala ere –argitu dute– eskaera hori egiteko baimenik jasotzen ez den bitartean ikastetxeak ateak irekiko ditu". Izan ere, Gobeako zuzendaritzak argitu du Osakidetzaren aldetik ez dutela oraindik inongo jakinarazpenik jaso. "Ordu hauetan, osasun-agintari eskudunen jakinarazpenik jaso gabe jarraitzen dugu. Hortaz, ikastetxeak ez du osasun-arloko erabakiak hartzeko aginpiderik (berrogeialdiak, ikasgelak ixtea, etabar)".
Dena den, eta egoerak eskatzen duen erantzuna eman beharrean aurkitu da Gobea Eskolako zuzendaritza, eta eskolan segurtasuna bermatze aldera hainbat gomendio egin dizkie familiei, gutun bidez eta sare sozialetan, betiere "Eusko Jaurlaritzak joan den abenduaren 9az geroztik abian jarritako jarduera-protokoloetan oinarrituak".
Konfinamendua
Hala, zuzendaritzaren arabera, Haur Hezkuntzako ikasle guztiak (2-3 eta 4-5 urteko gelak) eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiak (1., 2. eta 3. zikloko ikasgelak), osorik, etxean konfinatu beharko lirateke, beste abisu eman arte. Halaber, "familian egindako antigeno testean positibo eman duten pertsona baten kontaktu estua den pertsona oro, konfinatu beharko litzateke eta osasun-agintariekin harremanetan jarri".
Bestalde, zuzendaritzak jakinarazi du badaezpadako neurri gisa ikastetxea ixteko eskatu duela. "Hala ere, eskaera hori egiteko baimenik jasotzen ez den bitartean, ikastetxeak ateak irekiko ditu", eta eskerrak eman dizkie kutsatzeak saihesteko "elkarlanean ari zareten familia guztiei, datorren astean zuen seme-alabak eskolara ez bidaltzea erabakiz".
Gobea Eskolak jakinarazi du ere Gabonak ospatzeko eskolan programatutako jarduera guztiak bertan behera geratuko direla, patioko uneetan burbuilak zorrotz bereizteko neurriak berriro ezarriko dituela eta gurasoen bilerak ere eten egingo dituztela.
Gobea Eskolako zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena: