Añanako trenbide pasaguneak kentzeko hitzarmena iragarri dute

Erredakzioa 2021ko abe. 14a, 12:28

Pasabideak kentzea bizilagunen aspaldiko eskaera da. ALPHABET

Diputazioak iragarri du "datozen asteetan" ADIFekin akordio bat sinatuko duela Manzanosko eta Pobesko pasaguneak kentzeko, eta horren kostua erdi bana izango dela.

Arabako Diputazioak eta Espainiako trenbide sareaz arduratzen den ADIF erakundeak Manzanosko eta Pobesko trenbide pasaguneak kentzeko hitzarmena sinatuko dute "datozen asteetan", aldundiak zabaldutako ohar baten arabera.

Foru errepide sarean geratzen diren azken pasaguneak kentzeko proiektuak datorren urtean idatziko dituzte. Proiektuak idazteko 400.000 euro beharko dituztela kalkulatu dute bi erakundeek, eta inbertsio horri erdibana aurre egingo diote. Horiek gauzatzeko beharrezkoak izango diren lanen kostua ere erdi bana ordainduko dutela iragarri dute.

Hurrenez hurren, Manzanosko eta Pobesko A-4342 eta A-2622 errepideetan daude pasaguneok. ADIFekin "hainbat hilabetez negoziatzen aritu ondoren", gaurko Foru Gobernu Kontseiluan eman diote argi berdea hitzarmenaren testuari. Diputazioak nabarmendu du segurtasuna hobetuko dela horrela, eta baita udalerrien barne kohesioa ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago