Zigorrik gabe geratuko da galzorian den hegazti baten hilketa

Erredakzioa 2021ko abe. 14a, 11:16
Miru gorria babestutako espeziea da EAEn. JUST JACK

Zanbranan miru gorri bat tiroz hiltzearen harira jarritako salaketa artxibatu du Fiskaltzak, animalia akabatu zuen ehiztaria ez dutelako identifikatu.  

Duela urtebete Zanbranako ehiza barrutian norbaitek miru gorri bat akabatu zuelako salaketa jarri zuten Diputazioak eta Eguzki talde ekologistak. Salaketa hori, ordea, behin-behinean artxibatu du Fiskaltzak, tiro egin zuen laguna ezin izan dutela identifikatu argudiatuta. 

Espezie hori —Milvus milvus— legez babestuta dago Euskadiko Autonomia Erkidegoan, galzorian dagoelako. Hortaz, espezie horretako hegazti nahita hiltzeak espetxe zigorra izan dezake.  

Fiskaltzaren idazkiaren arabera, soberan frogatuta dago hegaztia nahita hil zutela, eta tiroa egin zuena Zanbranako ehiza barrutik bertatik egin zuela.  

Eguzkiren ustez, "funtsezkoa" da bistaratzea horrelako kasuak ez direla "kasu bakanak edo isolatuak". Ekologisten esanetan, espero izatekoa zen salaketaren artxibatzea, "oso zaila" delako identifikatzea tiroa egin zuena. "Baina salaketen bidez bistaratu nahi dugu hemen ingurumenaren aurkako delituak egiten ari direla", erantsi dute, ohar  batean. Are gehiago, ekologistek ohartarazi dute argitara ateratzen diren kasuak "icebergaren tontorra" baino ez direla 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide