Bisitarien etengabeko gorakadarekin itxi ditu ateak denboraldi honetarako Badaiako Santa Katalina lorategi botanikoak. 2013an, 4.000 bisita pasatxo izatetik denboraldi honetan 17.000 sarrera baino gehiago saltzera igaro da Trespondeko lorategia. Antolatzaileen esanetan, neurri handi batean, lorategian antolatutako jarduera kopuru handiak eragin du jende gehiago biltzea.
Hala, Karlistaldietan komentua nola eraiki zuten ezagutarazteko berregitean 545 ikusle izan ziren, eta egun horretan izan zen jende gehien; haurren bisita antzeztuek, berriz, ehun parte-hartzaile baino gehiago izan dituzte. Pandemiaren erruz edukiera mugatua izan arren, bisitarien arreta bereganatu duten beste ekitaldi batzuk hauek izan dira: abuztuko Ilargiaren Jaia, aire zabaleko zinema-saioak edo udako bonsaien erakusketa
2013an, 4.219 pertsonak erosi zuten lorategirako sarrera, eta 2014an, berriz, 5.744 bisitarik. Urtebete geroago, 2015ean, 6.077 sarrera erregistratu ziren; 2016an, berriz, tiketak saltzen hasi ziren, eta 11.400 pertsona jaso ziren. Hurrengo urteetan, zenbaki horiek hazten jarraitu dute: 2017an, 15.012 bisitari izan ziren; 2018an, 15.386; eta 2019an, 16.250, Covid-ek eragindako geldialdiaren aurretik.
Lorategi inklusiboa
Loida Blanco Santa Katalina lorategiko zinegotzi arduraduna oso pozik agertu da bisita-kopuruagatik, eta nabarmendu du denboraldian zehar planteatutako jarduera guztiek, eskola-bisitek eta programa inklusiboa abian jartzeak harrera ona izan dutela, eta, gainera, lehen, bisita egin ezin zuten pertsonek bisitatu ahal izan dutela lorategia. Izan ere, programa inklusiboa izan da 2021eko berrikuntza handienetako bat, dibertsitate funtzionala duten bisitariek gainerakoen antzeko baldintzetan gozatu ahal izan dezaten parkeaz.
Horretarako, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza-zerbitzu bat du lorategi botanikoak, bai bisita gidatuetan, bai esparruan jarduerak egiten direnean. Era berean, botanikoak akordio bat lortu du Senderos Accesibles elkartearekin, kolektibo horretako kideek mugikortasun urriko pertsonak eraman ditzaten Santa Katalinara. Erabiltzaileek behar besteko aurrerapenaz erreserbatu behar dituzten zerbitzu horiek guztiak Langraiz Okako Udalak ordaintzen ditu ehuneko ehunean, eta ez dute kostu gehigarririk bisitarientzat.
Neguko hilabeteetan, instalazioak mantentzeko lanak egingo dira, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden kolektiboentzako tailerrak egiten jarraituko da, eta landaketetan esku hartuko da, hurrengo urteari begira. Martxoan zabalduko da berriro botanikoa.