Gizon bat hil da Lantaronen, etxeko tximiniak intoxikatuta

Erredakzioa 2021ko aza. 17a, 08:00

Besteak beste, Arabako suhiltzaileak joan dira Molinillako etxera. / @BomberosAraba

Etxebizitza bateko tximiniaren errekuntza txarragatik intoxikatuta, 85 urteko gizon bat hil da Molinillan (Lantaronen). Bere emaztea Miranda Ebroko ospitalera eraman behar izan dute, intoxikazio sintomekin.

Zoritxarreko ezbeharra utzi du astearte honetako arratsaldeak Molinillako Abajo auzoan (Lantaron). Izan ere, 17:55ak aldera, partikular batek Larrialdietako Zerbitzura deitu du, etxebizitza baten barruan bikote bat konorterik gabe zegoela jakinarazteko. 85 urteko gizona konorterik gabe zegoen, eta 75 urteko emakumeak intoxikazio sintomak zituen.

Deia egin duen pertsonak bikotea etxetik ateratzea lortu du, larrialdietako zerbitzuak iristen ziren bitartean. Miranda Ebroko (Gaztela eta Leon) anbulantzia medikalizatu bat, Osakidetzako baliabideak eta Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileak iritsi direnean, biktimak artatu dituzte. Osasun zerbitzuak gizonezkoa suspertzen saiatu dira, baina, zoritxarrez, larri zegoen eta ezin izan dute salbatu; bertan hil egin da. Emakumea, aldiz, Miranda Ebroko Santiago ospitalera eraman behar izan dute, anbulantzia medikalizatu batean.

Dirudienez, tximiniaren errekuntza txarra izan liteke ezbeharra eragin duena, baina, hala ere, Ertzaintzak ikerketa abiatu du zoritxarreko gertaeraren arrazoiak argitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago