Landa eremua biziberritzeko ekimenen topaleku bihurtuko da Añana hilaren 17an

Erredakzioa 2021ko aza. 11a, 18:06
Mendialdea Radioko lagunen esperientzia ezagutzeko aukera izango da Añanan. ALEA

Ekimen ekonomikoak landa eremuan izeneko jardunaldiak antolatu ditu Eusko Ikaskuntzaren Lurralde Orekako lantaldeak Gesaltza-Añanan eta Maeztun.

Beren bizi-proiektua herrietan eraikitzeko apustua egiten ari diren pertsonei ahotsa eman nahi die Eusko Ikaskuntzak, eta Arabako landa-ingurunea biziberritzeko ekimen sozioekonomikoen sustatzaileak elkar ezagutzeko eta konektatzeko aukera zabaldu nahi du. Horretarako Ekimen ekonomikoak landa eremuan jardunaldiak antolatu ditu bi egunez. Hilaren 17an, Gesaltza-Añanan, izango da topaketa, eta abenduaren 1ean, berriz, Maeztun.

Jardunaldi horien helburua da proiektu horiek aurrera eramateak dakartzan aukerei eta zailtasunei buruzko topaketa eta hausnarketa gune bat sortzea eta ikaskuntza eta truke dinamika bat.

Lehen topaketa Gatz Harana Fundazioan egingo dute, hilaren 17an, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Honako gonbidatu hauek hurbilduko dira topaketara: Iñaki Etxebeste, baso kudeaketa jasangarrian lan egiten duen Errez kooperatibako kidea; Andrea Cortes, Humus de Añana enpresakoa; Conchi Jimenez, Lautada Puzle Room-etik; Aritz Ibañez, Mendialdea Radiotik; Rafa Larreina, EMASP energia kooperatibatik; eta adinekoen zaintzarako Teknoadineko Landalab agintzari kooperatibako kide bat.

Bigarren jardunaldia Maeztun egingo dute, abenduaren 1ean, 16:00etatik aurrera. Edorta Lamo Arrea jatetxekoa izango da horretan; Anna Montserrat eta Nacho Beltran de Heredia, Mendialdeko Ogia enpresakoak; Azala sorkuntza espazioko Idoia Zabaleta; baserri hutsen biziberritzean lan egiten duen Egia Aholkularitzako Gorka Egia; landa eremuko etxebizitzen berregokitzean aritzen den Leyre Carlos, ADD Home Staging enpresakoa; eta Patxi Miranda, Kudea Go! landa eremurako mugikortasun eredu bat martxan jarri duen ekimena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide