El Correo egunkariak aurreratu duenez, energia berriztagarrien arloko Forestalia enpresa pribatuak hirugarren proiektu bat aurkeztu du Araban, Zaragozako zortzi parke eolikoetan sortutako energia garraiatzeko. Lurralde Politikako Ministerioari helarazitako dokumentazioaren arabera, 46 metro inguruko hamar dorre jartzea aurreikusi ditu Forestaliak: hiru Erriberabeitian, lau Armiñonen eta beste hiru Berantevillan; linea horrek udalerriak zeharkatuko lituzke, energia Miranda Ebroraino eramateko.
Dokumentazio horren arabera, Berantevillako nekazaritza lurren gainetik abiatuko litzateke goi-tentsioko linea, eta, Zadorra ibaia zeharkatu ondoren, Armiñongo abeltzaintza intereseko lurzoru urbanizaezinera iritsiko litzateke. Jarraian, Erriberabeitiko hiri-lurzoruko 425 metrotan hedatuko litzateke. Azkenik, Burgosekin muga gurutzatuko luke, Mirandaraino iristeko.
Dagoeneko Forestaliaren antzeko beste bi proiektu ditu Arabak mahai gainean: horietako bat Bastidatik eta Añanako kuadrillatik igaroko litzateke —45 eta 70 metro bitarteko goi-tentsioko 30 bat dorre—, Jundizko industrialdeko azpiestazioraino; beste batek Lautada zeharkatuko luke —72 metroko 88 dorre, 42 kilometroko ibilbidean—, Asparrena, Donemiliaga, Agurain, Iruraiz-Gauna, Barrundia eta Burgu udalerriak igaro ostean Arratzua-Ubarrundiako azpiestazioan amaitzeko. Proiektuek eragindako udalerri gehienetako udalak horien kontra agertu dira jada, baita Aldundia ere.