Maria Santorum Alaña

"Gustatzen zaidana da irakurleek bidaia emozional bat egitea"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko urr. 30a, 08:00

Maria Santorum idazlea bere bigarren eleberriarekin. PHOT.OK

Irlandako Bankuaren finantza zuzendaria izatetik literaturara salto egin zuen duela bi urte Maria Santorumek 'Leyendas y banderas' nobelarekin. Egunotan aurkezten ari da bigarren thrillerra, 'Réquiem por Pangea', eta bere asmoen berri eman dio ALEAri: "Idaztetik bizi nahi dut".

Boilurren lapur baten inguruan idazten hasi berri da Maria Santorum Alaña (Gasteiz, 1990), bere hirugarren thriller psikologikoa. Apustu ausarta egin zuen 2019an argitaratu zuen Leyendas y banderas lehen nobelarekin, euskal gatazka oinarri hartuta, guardia zibil bat Kuartangon ETAko kideen bila kokatu zuenean, eta bigarren eleberrian ez da kikildu idazlea. Uztailean argitaratu du Réquiem por Pangea, adingabe baten desagerpena, munduko bost kontinenteetako migratzaileak eta herri txiki batean zabaltzen diren errezeloak nahasten dituen eleberria. Pozik dago Santorum bere txikitako ametsa lortu duelako, "liburu baten azalean nire izen-abizena idatzita izatea".

Kuartangon girotu dituzu zure lehen bi nobelak. Inspirazio iturri da zuretzat?

Nire lehen nobela, Leyendas y banderas, Kuartangon idatzita dago, eta bertako paisaiari eta gutxien ezagutzen diren inguruei eginiko oda bat da; bigarrena ere hemen girotuta dago. Kuartangarrak oso harro gaude inguruaz, kar-kar.

Nola jaio da Maria Santorum idazlea?

Oso txikitatik asko gustatu izan zait irakurtzea eta gauza txikiak idatzi izan ditut; zazpi edo zortzi urterekin nire ametsa zen liburu baten azalean nire izena idatzita agertzea. Izan ere, Leyendas y banderas liburuaren istorioa hamalau edo hamabost urterekin okurritu zitzaidan.

Eta orduan idazten hasi zinen?

Ez. Ez zen momentua, eta nik ez nuen prestakuntza nahikoa horrelako zerbait idazteko. Ikasi nahi nuen idazlea izateko, baina aitak esan zidan oso ondo zegoela literaturan asmo handiak edukitzea baina agian nire adinarekin ez zela momenturik egokiena. Beraz, beste alde batetik jo nuen: enpresen kudeaketan eta administrazioan prestakuntza ziklo bat egin nuen, eta Ingalaterrara joan nintzen, bertako banku batean lan egiteko eta ordaindutako prestakuntzarekin jarraitzeko. Nire kabuz esperimentatzeko gogo handia nuen, ez nuen inoren alaba edo iloba izan nahi.

Baina Kuartangora itzuli zinen.

Ingalaterratik itzuli nintzen oso gaixo jarri nintzelako; denbora asko nuen aurretik, eta aitari esan nion: istorio hori idazten hasiko naiz.

Zure aita erreferentzia handia da?

Bai. Jakituria handiko pertsona da, letrako lau karrera egin ditu, oso gizon lasaia da, eta oso ondo ezagutzen nau. Berak esan zidan baietz, momentua zela, eta istorioa idazten hasi nintzen.

Inoren laguntzarik gabe hasi zinen idazten? Aldez aurretik prestakuntzarik gabe?

Bai. Leyendas y banderas planifikatu gabe idatzi nuen. Ez nekien nora joan nahi nuen eta ez nekien amaiera ere nolakoa izango zen. Egia da aurrerago babes birtual moduko bat izan dudala Planeta argitaletxeko editore batekin; emakume horrek ikastaro batzuk eman ditu istorioak eta idazle karrera nola bideratu behar diren azaltzeko, eta hortik aurrera planifikatuago egin dut bigarren eleberria.

Euskal gatazkaren gaia oinarri duen thrillerra da 'Leyendas y banderas'. Nondik heldu diozu?

Hasieratik argi nuen bi istorio garatu nahi nituela. Batetik, thriller nagusia, Kuartangora terroristak bilatzera datorren guardia zibil batena; eta bestetik, gaia oso konplexua denez, kanpoko jendeak dimentsioa, testuingurua eta perspektiba hobeto uler dezan, azpi-istorio bat landu dut: herriko emakume zahar batek 1936tik bere bizitza azaltzen du kapitulu bakoitzaren hasieran.

Mitologia ere txertatu duzu. Zergatik?

Emakumea bere zahartzaroan izaki mitologietan sinesten hasten dela jaso dut, eta mitologiarekin lotuta ilustrazioak ere sartu ditut atal bakoitzaren hasieran. Zerbait polita sartu nahi nuen, ez dena negatiboa. Txikitan, oporretan, Soriara joaten ginenean, euskaldunen inguruko guztia negatiboa zen, eta Ingalaterran euskalduna zinela esaten zenuenean ere. Min handia egin dit horrek.

Gatazka politikoa jorratu dute azken aldian hainbat eleberrik. Zer ekarpen egin dezake zurea bezalako thriller batek?

Askok esan didate erokeria dela horren berria den zerbaiten inguruan idaztea, baina Bigarren Mundu Gerrari buruzko eleberri asko daude eta oso gertakizun berria da, zauriak oraindik itxi gabe daude toki askotan. Aitak esan zidan: "Ariketa literario bezala eta hausnartzeko balio izan behar badu, aurkariaren zapatetan jarri behar duzu"; eta horregatik, nire kasuan, protagonista nagusi bezala guardia zibil bat aukeratu nuen. Uste dut kanpoko jendeari gaia hobeto ezagutzen lagunduko diola nobelak. Irakurle asko, sentsibilitate ezberdinetakoak, etxera etorri dira eskerrak ematera gaia "oreka horrekin" jorratzeagatik. Hemengoa ez den jende askori hausnartzeko aukera emango diola uste dut, gauzak ez direlako beti beltzak edo zuriak.

"Aurkariaren zapatetan jarri naiz. Nire kasuan guardia zibil bat da nobelaren protagonista" 

Pozik zaude?

Oso pozik. Beldurra nuen hasieran, baina tira, hori da idatzi nahi nuena. Réquiem por Pangea ere nirea da baina Leyendas y banderas nireagoa, oso identifikatuta sentitu naiz gainera pertsonaia batzuekin. Badakit gai gogorra dela eta buelta asko eman dizkiet elkarrizketa batzuei, hitz batzuei, ez nuelako inor mindu nahi.

Zenbat denbora behar izan duzu idazteko?

Bederatzi urte. Hasiera batean ez nuen pentsatzen argitaratzea, ariketa bat bezala planteatu nuen, baina lagun batek eskatu zidan irakurtzeko, oraindik bi kapitulu falta zirenean, eta horrenbeste gustatu zitzaionez animatu nintzen.

Zer behar da liburu bat zure kabuz argitaratzeko?

Batetik dirua behar duzu, nik gainera ilustrazioak txertatu ditut eta ordaindu behar dira, eta bestetik logistika nolakoa den ere jakin behar da. Niri Ines Apraiz Gasteizko eleberrigileak lagundu dit arlo horretan. Bigarren nobelarako banatzailea lortu dut, Elkar bidez egingo dut banaketa, baina lehen eleberriarekin kotxea hartu eta Euskal Herriko liburu-dendetara joan nintzen liburua aurkeztera. Azkenean mila ale saltzea lortu dut.

Urik gabeko igerileku batera bota zinen?

Zuk amets bat izan dezakezu, eta hor gelditu daiteke, eta oso ondo dago, baina ez nuen nahi zahartzarora iristea eta pentsatzea ez nintzela saiatu; gutxienez saiatu behar nuen. Nire ametsa errealitate bihurtu da, azalean nire izena idatzita duen liburu bat dut; orain literatura idaztetik bizi nahiko nuke; zailagoa da, baina hori da helburua.

Egingarri ikusten duzu? Aukera dago horretarako?

Niretzat helburua ez da Planeta saria irabaztea, baizik eta idaztetik bizi ahal izatea, modu xume batean, nahiz eta gutxi irabazi, nahiz eta soilik Euskal Herrian ezagun izan. Beraz, orain, nire asmoa da pixkanaka ezagun egitea.

"'Réquiem por pangea' nirea da, baina 'Leyendas y banderas' nireagoa sentitzen dut" 

'Réquiem por Pangea' da argitaratu duzun bigarren eleberria. Saga baten hasiera?
Ez guztira. Uzanzako saga deitu diot Leyendas y banderasen herri horren izena asmatu nuelako. Kuartangoko herriak horren txikiak direnez, ez nuen nahi jendeak identifikatzea herri zehatz bat, eta horregatik asmatu nuen Uzanza. Réquiem por Pangea Uzanzan ere kokatu dut asko gustatu zaidalako, eta irakurleei ere gustatu zaielako, nahiz eta gaia zeharo desberdina izan. Lehen nobelan agertzen diren protagonista batzuk ere bigarrenean agertzen dira, eta hirugarren eleberrian ere agertuko dira batzuk.

Hirugarren eleberri bat idazten ari zara?

Bai. El ladrón de trufas. Nire senarrak eta anaiek boilurrak hazten dituzte, eta hortik abiatuta hasi naiz nobela bat idazten. Kuartangotik aterako naiz kasu honetan, eta boilur landaketak dituzten Arabako beste haran batzuetara eramango dut kontakizuna.

Idazle emankorra zara?

Bai. Probatu nahi izan dut etorkizunera begira azkar idazteko gai naizen. Editorial batek ez du bakarrik testuaren kalitatea kontuan hartzen, salmentak izango dituzten ere baloratzen dute, eta emankorra zaren edo ez. Ez du balio 2009an liburu bat idazteak eta 2019an hurrengoa.

Nolako liburua da 'Réquiem por Pangea'?

Ibai-eleberri bat da, bost pertsonaia nagusi dira eta txandaka kontatzen dute haien istorioa. Bakoitza kontinente batetik dator, eta Pangea izena hortik dator. Kultura aniztasunarekin jokatu nahi nuen; ni migratzailea izan naiz, migratzaile ekonomikoa, eta ideia horrekin jokatu nahi nuen. Denak dira migratzaileak, baina Kuartangon bizi dira. Afrikako pertsonaia asmatzeko Ngorongoroko (Tanzania) tribu batean oinarritu naiz, Panamakoa guna tribuko pertsonaia da, Australiakoak Irlandako Bankuan ezagutu nuen jenderik zatarrena irudikatzen du, kar-kar-kar...

Lanketa handia dago zure pertsonaien atzetik?

Bigarren eleberri honetan dokumentazio lan handia egin behar izan dut. Antropologiako liburuak irakurri ditut eta interneten dagoen informazioa ere baliatu dut pertsonaiak ezaugarritzeko. Ingelesa jakiteak asko lagundu dit dokumentazioa eskuratzeko orduan. Lehen nobelan, berriz, alde bateko zein besteko jendearekin hitz egin nuen, guardia zibil batekin ezik; 2019a zen eta oso zaila iruditzen zitzaidan hori lortzea. Kuartangori buruz dokumentatzeko hemengo ganaduzaleekin eta bizilagunekin hitz egin nuen, ehiztariekin...

Lehen nobela idazten hasi zinenean zerbait faltan bota zenuen?

Agian ez da ondo ikusia, baina ez, ez dut ezer faltan bota. Aitak lan guztia gainbegiratu zuen eta asko gustatu zitzaionez, lasai geratu nintzen. Faltan bota dudan bakarra da testua gehiago orraztea. Réquiem por Pangeari sei orrazketa egin dizkiot argitaratu aurretik.

Idazlea zara, baina irakurle bezala zer duzu gustuko?

Nobela beltza asko gustatzen zait. Agatha Christierekin eta Sherlock Holmesekin hasi nintzen nerabezaroan, eta orain, esate baterako, asko gustatzen zait Fred Vargas, oso estilo berezia du.

"Nire helburua ez da Planeta saria irabaztea, idaztetik bizi ahal izatea baizik" 

Zure burua estilo horretan kokatzen duzu?

Nobela beltza baino, nik idazten dudana thriller psikologikoa dela esan didate, baina benetan gustatzen zaidana da irakurleek nire liburuekin bidai bat egitea, bidaia emozionala. Lehen nobelan irakurle bakoitza bere posiziotik hasten da irakurtzen eta liburua ixten duenean beste posizio batera pixka bat hurbiltzea bilatu dut. Bigarren eleberrian, berriz, adingabe bat desagertzen da eta nik proposatu nahi dudana da: adingabe bat desagertzen bada norekin fidatzen gara gutxiago: magrebtarrarekin?, errumaniarrarekin?, Kuartangokoarekin? Pertsonaia ia guztiekin identifikatu gaitezke, beraz zer sentituko nuke susmagarri bilakatzen naizenean?

Orain arte autoedizioan argitaratu dituzu zure eleberriak. Editorial batera jotzea aurreikusten duzu?

Lehen eleberriarekin ez nuen pentsatu ere egin; berria nintzen, gaia polemikoa zen, eta zaila da editorialetara jotzea inor ezagutzen ez baduzu. Lehen eta bigarren eleberriaren artean, Planetako editore batekin hasi nintzen hitz egiten eta oso argi esan zidan ondo zehaztu behar dudala helburua, alegia "idazlea izan nahi dut" bakarrik ez duela balio. Helburua izan daiteke Planeta sarietara aurkeztea, Hego Amerikan idazle erreferentea izatea... eta nik nire burua hemen ikusten dut, inguruan. Euskal Herrian zaila daukat nire euskara maila ez delako batere ona, euskaltegian ikasi nuen 19 urte arte eta gero Ingalaterrara joan nintzen... Beraz, momentuz ezagun izan nahi dut, promozioa egin, azoketara joan. Irlandako Bankuko finantza zuzendaria izan naiz eta banketxerako lan hori egiten nuen, nola ez dut ba niretzat egingo!

Editoriala sortu duzu, gainera.

Hasiera batean lehentasuna zen nire lan guztiak ondo fakturatzea, eta horretarako sortu nuen, baina pixkanaka gauzak iristen ari zaizkit. Horregatik hasi naiz ere edizio profesionalari buruzko ikastaro bat egiten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago