San Sebastian Iparra eta Hegoa eta Gurpide Iparra eta Hegoa lau eraikin megalitikoak aztertzen dabiltza azken asteetan EHUko arkeologoak, Anda eta Katadiano herrien artean, Baia ibaiaren inguruetan. Hain zuzen, Alfonso Alday Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakaslea Kuartangoko trikuharriei balioa emateko abiatu den arkeologia kanpaina berriaren burua da. Geologia Saileko Luis Miguel Martinez Torresek, arkeologo profesionalek eta EHUko beste ikertzaile eta ikasle batzuek ere parte hartzen dute landa lanetan, aztarnategi horien berreraikuntza birtualean eta politika didaktikoan.
Kuartangoko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak beharrezko laguntza administratiboa eta ekonomikoa eman dute kanpaina egiteko. "2020an hasi zen eta, hasiera batean, 2022an itxiko den lan batean aliatu eraginkorrak dira", nabarmendu du Aldayk EHUko Campus aldizkarian. Argitalpenak zabaldu duen erreportajearen arabera, indusketetan ateratakoarekin, polen azterketak egingo dituzte ikertzaileek. "Kuartangoko haraneko trikuharrien garaiko klima eta paisaia ezagutzeko; antropologia fisiko eta biologikokoak, berriz, haranean bizi izan zirenei buruz gehiago jakiteko; karbono 14koak, trikuharrien antzinatasuna ziurtatzeko; geologia, zeramologia, litikakoak... Alegia, gure asmoa da azterketetan gure unibertsitateko kide gehiago inplikatzea", zehaztu dute.
Kuartangoko eraikin megalitikoa osatzen duten trikuharriak duela 5.500 bat urtetik daude bertan. "Izan ere, trikuharriak gure lurraldean ezagutzen diren arkitekturarik zaharrenak dira, eta historia bitxi bat partekatzen dute Europako zatirik handienean sakabanatuta dauden milaka antzeko beste batzuekin".
Eraikin konplexuak
Trikuharriak ikur sozialak ziren, eta handienak eraikitzeko, bederen, urte batzuk behar izan zituzten, eta arkitektura, igeltserotza, geologia eta hargintzako ezagutzak. "Lauza handiak atera, modelatu eta garraiatzen zituzten –Kuartangon, geologoak dioenez, bertakoak ziren harriak–. Poleak, hesolak, eskorak, sokak (aldamioak?)... erabiliz, hainbat tonako lauzak altxatzen ziren eraikin konplexu eta autosustentatzaile bat egiteko. Egitura hori harrizko tumuluz eta buztinez estaltzen zuten ondoren, eta kilo material atera eta garraiatu behar zen: pikotxak, palak, saskiak... Kuartangoko zelaietan, muino txikiak diruditenak trikuharri kamuflatuak dira".
Trikuharrien helburua, paisaian betiko aztarna bat uzteaz gain, hil berriak hilobiratzea zen. "Baina, maiz, trikuharri bakoitzaren historia iruditzen zaiguna baino konplexuagoa da –azaldu du Aldayk–. Horietako askok biografia liluragarri bat kontatzen dute: jatorrizko eraikina birmoldatu edo birmonumentalizatu egiten zen, zati batean edo guztiz, handik denbora batera, edo suntsitu egiten zen beste bat eraikitzeko. Trikuharrietako askotan pertsonak lurperatu ziren bi mila urtetan zehar eta, lurperatzerakoan, zenbait erritu egin ziren; tartean, oturuntzak, gure garagardoen antzekoak ziren edariekin laguntzen zirenak”.
Funtzio ugari
Arkeologoen aburuz, megalitismoaren lehen faseetan lurperatutakoek antzeko estatusa zuten, eta hildako batzuk etxeko gauza ez oso deigarriekin lurperatzen zituzten. Hala ere, denborarekin, belaunaldi berriak trikuharrietan lurperatuak izateko eskubidea zuten pertsonak hautatzen hasi ziren, eta honek aberastasuna, estatusa eta boterea adierazten zuten. "Bigarren fase horretakoak dira metalezko lehen objektuak, kanpai formako zeramika edo harribitxiekin egindako lepoko bihiak. Gizartea gero eta konplexuagoa dela erakusten digute, eta estatus desberdinetan banatzen hasi zela, loraldi ekonomiko handiko une batean”, adierazi du EHUko irakasleak.
Gainera, duela gutxi egindako ikerketa genetikoek berretsi egin dute arkeologoek jada susmatzen zutena, material berezi horien zirkulazioa aintzat hartuta: kontinente osoko pertsonen mugimendua ohikoa zela.