Espejoko dorretxea berritzeko obrak gelditzea eskatu dute, ustezko irregulartasunak direla eta

Erredakzioa 2021ko urr. 11a, 16:30

Luyando eta Hurtado de Mendozatarren dorretxea, Espejon. / Argazkia: EDUARDO ARGOTE

Gaubeako Udalak auzitara eraman du Luyando eta Hurtado de Mendozatarren dorretxeko jabea, berritze lanetan ustezko irregulartasunak direla eta. EH Bilduk esku har dezala eskatu dio Aldundiari, XVI. mendeko ondarea babesteko.

Astelehen honetan El Correo egunkariak argitaratu duenez, Gaubeako Udalak Espejoko Luyando eta Hurtado de Mendozatarren dorretxea berritzeko lanak gelditzeko agindu dio jabeari Bruselan lan egiten duen Europako Batasuneko funtzionario portugaldar bat. Antza denez, lanak kontrolatu ahal izatea galarazi die ikuskatzaileei.

Udalak irregulartasunak eta ondare historikoaren aldaketa egon daitezkeela deritzo. Izan ere, El Correok jasotako ikuskapen-errekerimenduaren arabera, "obra aurkeztutako proiektuarekin bat ez datorrela adierazten duten zantzuak daude", eta jabeari hainbat alderdi argitzeko eskatu zaio, hala nola eraikinaren altuera.

Rafael Varon Arabako Arkeologia Institutuko presidentearen arabera, kultura ondasun gisa katalogatutako dorretxeak inoiz izan ez dituen elementuak gehitzen ari dira obretan, eta jabeak "Disney gaztelu" bihurtu nahi du.

Gaubeako Udalak obra-lizentzia eman zion 2010ean; jabeak luzapen bat eskatu zuen beranduago, baina Udalak uko egin zion. Egoera berriaren aurrean eta ustezko irregulartasunak egiaztatu ahal izateko, lanak geldiarazteko agindua eman du Udalak; hala ere, bere eskakizuna bete ez duenez, gutxienez 600 euroko isuna jarri dio jabeari.

Aldundiaren esku-hartzea

Ezagututako informazioen aurrean bere "kezka" adierazi du EH Bilduk, eta Kultura diputatuaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, birgaitze lanei buruz azalpenak eman ditzan. Gainera, esku har dezala eskatu dio Foru Aldundiari, "Espejo herriko ondarea babesteko".

Batzarkide talde subiranistak salatu duenez, "Gaubeako Udalak lanak ikuskatzeko eta zehazki zer lan egiten ari diren jakiteko zailtasunak ditu, eta dorretxearen kanpoalde zein barnealdeko itxurari eragiten dioten aldaketak egiten ari diren susmoa" dago, "eraikinaren ondare historikoa arriskuan jartzeraino".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago