Kuartangoko bainuetxe ohiak Labean Espazioa jaio da, eta astelehen honetan inauguratu dute. Landa eremuan ekintzailetzako eta berrikuntza sozialeko ekintzak garatzeko erreferentziazko gunea izango da, eta eskualdea eraldatzeko zein tokiko komunitatean aurrerapenak egiteko helburua izango du, teknologia eta lan metodologia berritzaileak herritar guztien eskura jarriz.
2019an, EAEko landa eremuaren garapena sustatzeko, abian jarritako Labean programaren beste mugarri bat izango da espazio hori. Gaur egun, HAZI fundazioak, Kuartangoko Udalak eta Añana Landa Garapenerako Elkarteak osatzen dute Añanako programako talde dinamizatzailea.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek gaurko aurkezpenean azaldu duenez, "IKTak edo teknologia berriak erabiltzeak pertsonen bizi kalitatea hobetu eta herritarren parte hartzea areagotzen duela" bermatzea izango da horren helburu nagusia.
Instalazio berrietan, besteak beste, tresna telematikoak daude, Añanako komunitatea osatzen duten eragile, erakunde, enpresa eta abarren arteko konexioa eta sareko elkarlana errazteko. "Edonola ere, ez da espazio isolatu bat", azpimarratu du Orozek. Izan ere, Añanako gune berria landa eremuko espazioen sarearen barruan dago. "Sare horrek aukera emango du ekintzaileen, tokiko erakundeen, elkarteen eta abarren artean berrikuntza sozialeko ekimen eta proposamenak harremanetan jarri eta konektatzeko", gaineratu du; aurkezpenean bertan, zuzenean konektatu dira, telematikoki, Arabako Mendialdeko eta Enkarterriko Labean sareko espazioetako ordezkariekin.
Espazio berria Kuartangoko bainuetxe ohiaren eraikinean dago, Kuartago Lab eraikinean. Bertan enpresa zentro bat sortu da (coworking formatuan), dagoeneko bi egitasmo daude martxan, eta gunea ekintzaile gehiago hartzeko prestatzen ari dira, "abangoardiako lan zentro bat" izan dadin. Horretarako, espazioa erabiltzeko funtzionamendu-protokolo bat prestatu dute, zenbait baldintzarekin.