Gesaltza Añanako Erdi Aroko harresia, berreskuratzeko bidean

Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 15:42

Gesaltza Añanako harresiaren 250 metro agerian geratu dira. GESALTZAKO AÑANAKO UDALA

Udala, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, antzinako hesiaren eta ingurabidearen balioak nabarmentzeko lanean ari da. Indusketa lanak eta bisita gidatuak egin dituzte abuztuan.

Gesaltza Añanako harresia Alfontso I.a Borrokalariaren proiektua izan zen, Gatz Harana osorik eraldatzeko asmoarekin. Hiribildua gatz-ustiapenaren gainean zegoen muino batean eraiki zuen, eta errege-foruak ematen zituen onurei esker, bere barrura erakartzea lortu zuen gatzagak inguratzen zituzten herrixka independente guztietako biztanleak. Horrela, Gesaltza Añana 1114. urtean sortutako EAEko lehen hiribildua bilakatu zen.

Udalak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 2005. eta 2007. urteen artean, EHUko Ondare Eraikiari Buruzko Ikerketa Taldeak garatu zuen proiektua berreskuratzea lortu du, antzinako hesia eta inguruko pasealekuaren balioa azpimarratzeko. Hala, uztaila eta abuztua bitartean ingurabidean sastrakak kendu, garbitu eta indusketa lanak egin dituzte, eta Erdi Aroko herrixkaren harresiaren 250 metro inguru agerian utzi dira, eta hurrengo erronka harresiaren ateak aurkitzea da.

Bisita gidatua antolatu du Udalak harresiaren ingurabidera. GESALTZA AÑANAKO UDALA

Lan hauek aurrera eramateko 2020-2022 aurrekontua 340.000 eurokoa da, eta Eusko Jaurlaritzak 170.000 euro inguru jarriko ditu; "beste erdia beste diru-laguntza batzuekin eta Udalaren ekarpenarekin finantzatu behar dugu", esan du Vanesa Martinez Kultura zinegotziak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago