Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko kanpaina

Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 09:00
Añanako Kuadrillako udaletako ordezkariek parte hatu dute aurkezpenean. IRUÑA OKAKO UDALA

Irailaren 9tik 19ra, Añana Kuadrillako hamar udalak sentsibilizazio kanpaina batean murgilduko dira, indarkeria matxista borrokatzeko eta gazteei emakumeen kontrako bortizkeria identifikatzen laguntzeko.

Gehiago gara, Kuadrilla gara. #EginBat kanpaina martxan jarri dute Añanako Kuadrillako udalek. Kaleko ekintza ibiltaria izango da, eta helburu nagusia indarkeria matxista identifikatzen laguntzea eta aurre egiteko tresnak ematea da. Ostegunean izango du lehen geraldia, Langraiz Okako Ahate Plazan, eta hilaren 19an amaituko da, Armiñongo Plazan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Añanako herritar guztien arteko interakzioa bilatzen dute, eta bereziki gazteen parte-hartzea. "Helburua da gazteenak inplikatzea eta sare moduan jardutea, koadrila moduan, pertsona guztiek askatasunez agertzeko eta hitz egiteko duten eskubidea defendatzeko, eta, aldi berean, jasan ditzaketen edo ezagutu ditzaketen erasoei erantzuteko duten betebeharraren eta konpromisoaren jakitun izatea".

Ekintza ibilitariaren barruan, Kancaneo antzerki taldeak emakumeen aurkako indarkeria matxistei buruzko bost gai zehatz jorratuko ditu, antzerki pieza txikien bidez. Gainera, Barbara Alca egile eta irudigileak bost gai hauek komiki batean islatu ditu, eta Kuadrilla osoan banatuko da komikia. Horrez gain, Cocina de guerrilla sukalde kooperatibaren eskutik, sukaldaritzako osagaien nahasketaren bidez aniztasuna adierazten duen sukaldaritza sozialeko ekintza bat egingo dute.

Langraiz Okatik Ribabellosara mugituko da ekintza ibiltaria: irailaren 10ean, 19:00etan egongo da Udaletxe Plazan; irailaren 11n, berriz, Gesaltza Añanako Udaletxe plazan egongo da 12:30etatik aurrera; eta egun berean Pobesen, Igerilekuen Plazan, 19:00etan. Irailaren 12an Espejora iritsiko da indarkeria matxistaren kontrako kanpaina, 12:30ean; eta 18:00etan Zuhatzu Kuartangoko Bainuetxearen Plazan. Halaber, irailaren 18an Zanbranako plazan eguerdian eta Komunioiko frontoian izango da; eta irailak 19an, Berantevillako plazan eguerdian eta Armiñonen 18:00etan.

Kanpaina Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunaren funtsekin finantzatzen da, eta Añanako Kuadrillak eta osatzen duten hamar udalek antolatu dute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide