2010eko ekainaren amaieran eta hainbat asteburutan bilatzen aritu ondoren, Ahaztuak 1936-1977 elkarteko boluntarioek, Primitivo Fernandez de Labastidaren senitartekoekin eta Gesaltza-Añanako eta Erriberagoitiako zenbait herritako bizilagunekin batera, La Tejerako hobiaren kokapen zehatza eta egun horretara arte desagertutako hiru lagunen gorpuzkiak aurkitzea lortu zuten. Aranzadiko teknikariekin batera, hobia lurpetik atera zuten, eta, Primitivo Fernandez de Labastida, Florentino Garcia Valencia eta Monica Barron del Val zirela baieztatu zuten.
1936ko irailaren 3an, hiru pertsona horiek hil eta hobi komun horretan lurperatu zituzten hiltzaileek. Hirurak ziren nekazariak. Fernandez de Labastidak 35 urte zituen eta Santa Gadea del Cidekoa zen (Burgos, Espainia); Garcia Valencia eta Barron del Val senar-emazteak ziren eta Villanueva de Soportillakoak ziren (Burgos, Espainia). Tuesta, Boveda eta inguruko beste herri batzuetako erreketeak izango lirateke argitu gabe dagoen hilketa horren arduradunak. Gainera, herri horietako bizilagunek utzitako autoetan eraman ei zituzten hirurak La Tejerara, eta bertan hil zituzten.
Larunbatean, urtero bezala, Ahaztuak Elkarteak deituta, hildakoen memoria aldarrikatu dute, Gesaltza-Añanako mendatean, inguruko bizilagunek eta biktimen senideek. Ekitaldian, inpunitatearen amaiera galdegin dute. "Frankismo garaiko genozidioaren eta gizateriaren aurkako krimenen zigorgabetasunaren amaiera aldarrikatzen dugu. Preskribatzen ez duten krimenak dira, eta ikertzea exijitzen dugu. Frankismoaren biktimak eta haien senideak aspaldi egiten ari garen etengabeko aldarrikapena aintzat hartzeko eskatzen dugu".