160.000 euro zuzenduko ditu Diputazioak Iruña Veleia sendotzeko

Erredakzioa 2021ko abu. 25a, 14:50
Iruña Veleiako aztarnategian inbertsio garrantzisua egin da. AFA

Kuartangoko trikuharrien gunea eta Arkaiako termak nabarmentzeko ere diru partida garrantzitsua bideratuko da aurten.

Arabako Foru Aldundiak aurten sustatu eta finantzatutakoen artean, diru zenbatekorik handiena duen inbertsioa Iruña Veleiako aztarnategian egingo da; hain zuzen, 160.000 euro erabiliko dira sendotze eta egokitze lanak egiteko. Zehazki, esku hartzeak egingo dira harresian, macellumean eta inguruan; gune bisitagarriak elkarrekin lotzeko bidexkak egokituko dira; merkatuko guneak azaltzeko seinaleak jarri eta edukiak berrituko dira, bisita gidatuen programa osatuko da; eta memoria azterlan osagarriak egiten lagunduko du Diputazioak.

Kuartangoko trikuharrien gunea eta Arkaiako termak nabarmentzeko ere diru partida garrantzitsua bideratuko du Diputazioak, 60.559,43 euro eta 26.281,50 euro, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzak ere finantzatzen ditu.

Gainera, Museo eta Arkeologia Zerbitzuak 12.938,27 euro inbertituko ditu Mantible zubiaren azterlan arkeologikoa egiteko ezkerraldeko ibaiertzean, hura kontserbatzeari begira Logroñoko (Errioxa, Espainia) Udalarekiko koordinazio mahaian hartutako konpromisoen barruan.

Indusketa ugari

Horrez gain, dagoeneko Bilarren, 5.687 euro inbertitu dira labar-dolare bat induskatu eta dokumentatzeko; eta 5.573,26 euro Gasteizen, zundaketa arkeologikoak egiteko San Frantziskoko komentuko Magdalena kaperan. Bestalde, indusketa arkeologikoetan hainbat lan finantzatu dira: Balantziegoko harpean (4813,46 euro); Toberako Los Cascajosen (6.050 euro); Lantziegoko Pieza Redondan (5.747,5 euro) Barrioko Berbeiako aztarnategian (4.160,69 euro) eta Arain Surbin eta Lezeko iturrian (4.160,69 euro).

Ana del Valek zuzentzen duen Kultura eta Kirol Saila guztira hamaika jarduketa arkeologikotan laguntzen ari da aurten, 2020an baino hiru gehiagotan. Haietako sei Foru Aldundiak berak sustatu eta finantzatzen ditu, eta beste bost arkeologoek sustatuak eta AFAk guztiz edo partzialki finantzatuak dira. Guztira 295.972,2 eurokoa da inbertsioa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide