Udalak oniritzia eman dio proiektuari, eta, orain, obrak esleitu beharko ditu. Instalazio berria datorren urtearen hasieran jarriko da martxan. Lanen aurrekontua 265.000 euro ingurukoa da; Iruña Okako Udalak zenbateko osoaren %40 ordainduko du eta Eusko Jaurlaritzak –Udalaguntza programaren bidez–, gainerako %60.
Jose Miguel Barandiaran ikastetxeko jolastoki estali berriak 800 metro karratuko azalera izango du. Sabai zeharrargia du barruko ikuspena hobetzeko, eta ikasgeletara eta gimnasiora sartzeko aukera ematen du. Azken proiektuan instalazio garden bat aurreikusten da, zutaberik gabe, ikastetxerako sarbide erosoa ahalbidetzeaz gain, jolasak, altzariak eta futbito edo saskibaloi kantxak kokatzea ahalbidetuko duena.
Sarbide estali hori institutuko zuzendaritzak berak egindako eskaria da; izan ere, 2018an, patioaren zati bat estaltzeko eskatu zuen, bai ikastetxeko ikasleak, irakasleak eta langileak, bai haurrak jasotzera joaten diren gurasoak babesteko. Iruña Okako Udalak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari obrak diruz laguntzeko eskaera egin zion.
Covid-19a eta pandemiaren aurka borrokatzeko protokoloak iritsi zirenean sarbide estaliaren beharra bistan geratu zen; izan ere, espazio itxiak saihestea gomendatzen dute, eta instalazioetara sartu aurretik tenperatura-kontrolak eta desinfekzio-neurriak eskatzen dituzte. Hori dela eta, ikasleak ikastetxera mantsoago eta mailakatuago sartu behar dira, eta kanpoan denbora gehiago eman behar dute.