Artisauak ere, pandemiaren mailupean

Estitxu Ugarte/PHOT.OK 2021ko abu. 21a, 08:00

Jon Sanchez eta Mamen Zuri, Sobrongo artisauak. PHOT.OK

Errementari bat eta zeramikari bat bildu ditu ALEAk herrialdeko artisauek bizi duten egoeraren inguruan solasteko. Sobron herrian lan eta bizi dira Jon Sanchez eta Mamen Zuri; biak plazetara ateratzeko irrikaz daude, azokak baitira lana erakusteko modu ia bakarra. 

Pandemiak bete-betean harrapatu zituen Mamen Zuri eta Jon Sanchez eskulangileak duela urtebete, eta hasi berriak zituzten proiektuak hankaz gora jarri zituen. Goiko Sobronen bizi dira errementaria eta zeramikaria, eta mendien artean galdutako Lantarongo herrixka txiki eta koloretsu horretan dute biek tailerra. Labarren artean, lasaitasunean, inspirazioa aurkitzeko arazorik ez dute artisauek; hala ere, inspirazio horren emaitza Sobronetik kanpora, beste herrietako plazetara, eramateko modua arazo bilakatu da.

"Orain guztiz geldirik nago, –azaldu digu Jon Sanchez errementari gazteak–. Nire asmoa honetaz bizitzea da, baina orain ezin dut, ez dago azokarik, ezin gara mugitu…; jendeak noizbehinka deitzen du eta ateratzen zaizkit gauzak, baina oso gutxi. Boom handia izan nuen momentuan etorri zen pandemia eta dena izorratu zitzaidan". Mamen Zuri ere ataka berdinean dago, herritik ezin mugitu, eta azokak noiz irekiko zain. Gainera, bikotearekin batera, Sobronen duen landetxea ere itxi behar izan du, mugikortasunari jarritako mugak medio. "Zeramika eta landetxea uztartzen ditut, bestela ezinezkoa da bizitzea. Nekazalturismo batekin ez zara bizi eta artisau bezala ere ez, horregatik iazko Aste Santuan bigarren landetxe bat zabaldu genuen, baina pandemia etorri zen eta ordutik ez dugu burua altxatu, sekulako ostia hartu dugu".

Sare sozialak ez dituzte gehiegi maite Sobrongo bi artisauek, baina egoera ikusirik Instagramen kontua zabaltzea erabaki dute biek, egindako lanari irtenbide bat emateko asmoz.

"Mailuarekin eta ingudearekin egiten dut guztia, duela bi mila urte bezala"

Izan ere, Sanchezek aitortu du jon_forjartistikoa Instagram kontua ireki duenetik jendearen partetik "kristoren erantzuna" izan duela, eta hori ere "sekulako motibazioa" izan da beretzat. Dena den, asmoa zuen feria ia guztietan erakusketa bat egitera joateko, eta plana zapuztu du alarma egoerak. "Hasiera batean, saldu baino nire lana erakustea zen asmoa, Araban erementari bat dagoela erakutsi, eta milaka gauza egiten ditudala; baina pandemiarekin planak bertan behera geratu zaizkit, atzeratu behar izan ditut".

Are gehiago, bizi ahal izateko lana hartu behar izan du errementariak Gasteizen. "Orain lanean nago Gasteizen, baina ahal dudan guztietan etortzen naiz herrira, sutegira; jendeak esaten dit burutik jota nagoela, kar-kar".

Mamen Zuriren kasuan, berriz, landetxea itxita izanik, zeramika bilakatu da diru-iturria, eta online mamenzuri_ceramica Instagram kontuaren bidez pieza txikiak, "seriean egitea errazagoak direnak", saltzeko aukera zabaldu berri du. Arabako eta inguruko azoketan saldu ohi ditu zeramikariak bere pieza gehienak, eta Sobrongo landetxearen atarian duen denda txikian ere gutxi batzuk, herrira bisitan joaten direnei edo bezeroei. Hortaz, gogo handia du azokak berriz martxan jartzeko. "Zeramika ez da azkar egiteko gauza bat, eta nik egiten ditudan pieza gehienak originalak dira, bakarrak. Seriean lan egiteaz aspertu egiten naiz berehala, inoiz ez dut lortu hogei eguzki-lore berdin egitea, kar-kar-kar".

Jon Sanchez errementaria. PHOT.OK

Sobrongo artisauak nabarmendu duenez, artisautzaren sektorean atzetik zetorren egoera kaxkarra are gehiago zaildu dute pandemiaren ondorengo murrizketek. "Badira honetaz bizi diren zeramikariak, baina oso gutxi. Gaur egun, oso gaizki dago salmenta, azoka batzuetan lehen ez zuten ezer eskatzen, baina egun autonomoa ez bazara ez dizute uzten parte hartzen, eta jende askok ezin du autonomoaren kuota ere pagatu".

Labean eginiko lanpara, txartel-kaxa, gatzontzi, kaiku, eta platerez gainera, tailerrak ere egin izan ditu Zurik, haurrekin, Añanako Kuadrillak antolatuta, baina hori ere bertan behera geratu da.

Lanerako pasioa

Mugikortasunari jarritako mugak eta artisauen azokak gelditu izanak salmentak murriztu badituzte ere, ez dira eskuak gurutzaturik gelditu Sobrongo errementaria eta zeramikaria.

Sanchezek, esate baterako, duela lau urte modu autodidaktan ikasitako ofizioan sakondu du urte honetan. Errementariarena lan zaila dela azaldu du, teknika asko ezagutu behar direla, eta trebezia handia behar dela modu erabat artisauan burdina lantzeko. "Nik mailuarekin eta ingudearekin egiten dut dena, orain dela bi mila urte bezala; guztia da ikatza, sua eta burdina, berotu, tolestu… eta milaka gauza ateratzen dira". Familiaren etxeko baratzean muntatu duen sutegi txikian berotzen du burdina Sanchezek, eta txiklea bezalakoa bihurtzen denean kolpeka hasten da. "Jakin behar da lantzen, tenperatura kontrolatu behar da, haizearen sarrera…".

Lehen, herri guztietan errementari bat zegoela nabarmendu du gazteak, baina egun ez du ezagutzen Araban modu tradizionalean errementari bezala lan egiten jarraitzen duen inor. Hain zuzen erreferenteen falta horregatik, bere kabuz, modu autodidaktan eta interneten bideoak ikusten ikasi du Sanchezek ofizioa."Beti gustatu izan zait herriko bizitza, eta nola bizi ziren aspaldi, nola egiten zituzten gauzak, eta behin bideo bat interneten ikusi nuen eta pentsatu nuen: a zer guapoa!". Bideo gehiago ikusi eta gero, Bergaran sutegia duen artisau batekin gauza txiki batzuk egiten ibili zen Sanchez, eta ondoren, bi hilabetez egon zen Asturiasen, Oscos bailarako errementari batekin lanean.

Egun, denetatik egiten du errementariak, baina forjaketaren alde artistikoa interesatzen zaio batez ere. "Sortzailea izan behar zara. Lan bat ateratzen denean zerbait desberdina egitea gustatzen zait, ez nago lau burdin zati soldatzeko; horretarako jende gehiago dago", esan du. Gainera, lehengo tradizioa eta gaur egungo beharrak uztartu nahi ditu. "Lehen, behar ziren erremintak egiten ziren sutegian, landarako, baina egun buelta eman behar zaio horri, landa mekanizatua dago eta".

Egiten duen lanari bere "ukitu" propioa ematen saiatzen da Sanchez, eta horregatik maite du eskultura txikiak egitea edo leihoetarako sareak loreekin eta hostoekin apaintzea. Enkarguak ere jasotzen ditu maiz, eta, jakina, ez die uko egiten: "Morroilo batzuk egin ditut orain, eta lan asko egiten dut arotzekin. Baserriko ate polit bat egin nahi baduzu, ez dituzu jarriko Leroy Merlineko iltzeak edo giltzarriak".

Mamen Zuri zeramikaria. PHOT.OK

Egin ahala sortzen

Zeramikan, berriz, askoz denbora gehiago lanean darama Zurik, 25 urte hain zuzen ere. Bere zeramika-lanetan asko erabiltzen ditu oxidoak, eta euskal mitologiaren gaia da etxeko marka. Izan ere, garai luze batean lan guztiak eguzki-loreekin egiten ibili da, eta oxidoak ere kondairak gogorarazten dizkiotelako erabiltzen ditu. "Oso organikoa naiz; hostoak, iratzeak, natura, harrien testurak gustatzen zaizkit".

"Oso organikoa naiz; hostoak, iratzeak harrien testurak
gustatzen zaizkit"

Lan egiteko moduan, inprobisazioa da Mamen Zuriren ezaugarria. "Ideia batean oinarritzen naiz lanean hasteko baina lan egin ahala aldatzen joaten naiz. Inprobisatzen joaten naiz. Batzuetan ideia bat okurritzen zait eta ez badut apuntatzen joan egiten zait. Kontuan izan behar da zeramikan ez dela erraza edozein gauza islatzea, faktore asko kontuan hartu behar dituzu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago