Sevillarako maletak prestatzen harrapatu du ALEAk Askoa Etxebarrieta Lasheras La pulga (Arkakusoa) dantzaria, bertan baititu hurrengo egunetan hainbat konpromiso. Halere, pozik agertu da irakurleei bizi den tokia erakusteko proposamenarekin. Emanaldi eta emanaldi artean denbora duenean, deskonektatzeko, bere etxetik egiten duen mendi txangoa oparitu die.
Jokanon du bizilekua La Pulga-k "orain dela zortzi edo bederatzi urte", eta etxeko atetik bertatik abiatzen da Arkamuko mendilerroan dagoen Montemayor mendira (1.103 m.) igotzeko bide aldapatsua. Kuartangoko haranetik gailur txiki horretara dagoen igoera tradizionala da hori. "Jokanoko hilerrirantz jo behar duzu, eta hor bide bat dago gorantz joaten dena; mugarriak daude bidea seinalatzeko, beraz igotzeko arazorik ez duzu izango". Bidea nahiko aldapatsua dela azaldu du La Pulga-k, baina 40 minututan Arkamuko mendilerroaren goialdera irits daitekeela: "Eta hortxe antena batzuk daude; bidea ez dago seinalatuta, baina GPSrekin erraza da mendiaren gaina aurkitzea".
Arkamuko mendilerroko ekialdeko mendirik garaiena da Montemayor, eta bertatik Kuartango haraneko bista "ikaragarriak" daude. Dantzariak gaineratu duenez, bideak ere merezi du. "Igoeran pinudi oso polita dago eta gorago heltzen zarenean pagadi eder bat; gainera zizak daude, denetatik, baina udazkenean batez ere mendiko angula pilo bat hartzen ditugu".
Perretxikoak ere "omen daude" inguruan, izan ere maiatzean Perretxikoaren Azoka ospatzen dute Zuhatzu- Kuartangon; baina "hemen inork ez du ezer esaten, oinordetzan jasotzen dituzte perretxikoen tokiak, kar, kar, kar".
Denboraz eta gogoz dagoenak Montemayorretik hamaika ordu inguruko txango luzea ere egin dezake eta Nerbioiko ur-jauzia bisitatu. "Oso leku polita da, Kuartangoko mendiak baino askoz ezagunagoa da; horregatik merezi du astean zehar joatea, jai egunetan jende asko etortzen delako".
Haran ezezaguna
Kuartangon cicerone papera hartzeko proposamena jaso zuenean, Jokanoko artistari burura etorri zitzaion lehen aukera Gibijoko mendilerroan dagoen Los Vallejosko milurteko artea izan zen, baina bidea ez duenez oso ondo ezagutzen, azkenean mendia aukeratu du. "Askoz gehiago joaten naiz Arkamura, etxetik oso gertu daukat, bidea oso polita da, eta bistak ere".
Kuartangoko harana ezinbestez ezagutu beharreko parajea dela uste du La Pulga-k, eta liluratzen duen tokia dela dio. "Miren Amuriza hemen egon zenean flipatu zuen. Batzuetan joaten gara asko ezagutzen diren tokietara, Gorbeiara, Aizkorrira, Anbotora... eta Araban oso leku politak daude ezagutzen ez ditugunak".
Bederatzi urte daramatza Jokanon bizitzen La Pulga-k. "Kuartangokoak beti izango dira hemengoak direnak, baina ni oso integratuta sentitzen naiz haranean, hemengo jendea super jatorra da, eta oso haran borrokalaria da". Kuartangon, gainera, inguruko udalerrietan baino euskara gehiago entzuten dela nabarmendu du, eta oso herri dinamikoa dela.
Beraz, Kuartango ezagutzera animatu nahi du jendea flamenko-dantzariak: "Igerilekuetako jatetxea ireki dute berriro, badago sagardotegi bat.... Furgonetarekin etortzeko ere badago tokia igerilekuen ondoan, eta ez da etortzen jende asko. Toki lasaia da".