Garoña inguruko herriak, ekimenen zain

Erredakzioa 2021ko uzt. 22a, 09:21
Sara Aagesen Energiaren Estatu Idazkaria, Garoñako ingurua biziberritzeko protokoloaren sinaduran.

Garoñako zentralaren eragin-eremua suspertzeko proposamenak aurkezteko epea ekainean itxi eta gero, hurrengo pausua egokienak aukeratzea da. Planak Arabako hiru udalerri barne hartuko ditu.

Garoñako zentrala itxi zutenetik lau urte igaro ostean, martxan jartzeke dago oraindik inguruko udalerriak biziberritzeko plana. Gobernuen aldaketek ez diete mesederik egin zentralaren inguruko herritarrei.

Azkenik, aurtengo maiatzean, Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak erabaki zuen 27 udalerri sartuko direla zentralaren eragin-eremuan, horietako hiru Araban: Gaubea, Lantaron eta Erriberabeitia. Halaber, maiatzaren amaieran, Zentralek Kaltetutako Udalerrien elkarteak, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Gaztela eta Leongo Gobernuak sinatutako protokolo bati esker, ingurua suspertzeko proposamenak jasotzeko prozesu parte-hartzaile bat abiatu zen. Hurrengo hilabeteetan proposamen horiek ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik bideragarriak diren aztertu beharko dute administrazioek, eta egokienek laguntza teknikoa jasoko dute, abian jartzea ahalbidetuko duten finantzaketa-lerroak bilatzeko.

Plan horretan sartuko diren jarduera berriek, lehentasunez, honako hauek hartu behar dituzte kontuan: energia berriztagarria eta eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria, eraikinen birgaikuntza, ekonomia zirkularra, ekoberrikuntza, ekosistemen leheneratzea, biodibertsitatea, aldaketa klimatikoa, nekazaritza ekologikoa edo lehorrekoa, abeltzaintza estentsiboa edo turismo jasangarria.

Ingurua dinamizatzeko lehen plana 2019an aurkeztu zuen Zentralek Kaltetutako Udalerrien Elkarteak. Estrategiak 2030era arte- ko iraupena zuen, eta proiektuek 119 milioi euro inguruko inbertsioa behar zuten. "Ekonomia berdean" oinarrituriko proiektuak martxan jartzeko apustu argia egiten zuten udalerriek, eta energiaren alorrean biomasa eta energia hidraulikoa ustiatzea. Halaber, turismoan hainbat ekimen proposatu ziren.

Plan horretan bildutakoa kon- tuan izango duela hitz eman du Espainiako Gobernuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide