Tuestako tomate negutegiaren inguruko jardunaldia antolatu dute

Erredakzioa 2021ko uzt. 6a, 17:22
Gaubean protestak ari dira egiten Tuestako negutegiaren kontra. ALEA

Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak antolatuta, uztailaren 11n, solasaldia, tomate dastaketa, antzerkia eta kontzertua egingo dute Espejoko makaldian.

Tuestako industriagunearen inguruetan Cultivos Araba enpresak eraiki nahi duen tomate hidroponikoen negutegia hizpide izango dute hurrengo igandean, Espejon. Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak egun osoko jardunaldia antolatu du herriko makaldian. Hemen tomatea dago! lemapean antolatu duten topaketa 11:30ean hasiko da, elikadura, nekazaritza eta Gaubeako etorkizunari buruzko solasaldiarekin. 12.15ean, berriz, tomateen dastaketa egingo dute; eta 13:00etan, Tomate baten jira-birak kale antzerkia izango da, Yorekendan Gasteizko taldearekin. Tomateen hazien banaketa egingo dute ondoren; eta 14:00etan Somos Humus taldearen rock kontzertua hasiko da.

Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez, Tuestan martxan jarriko duten tomate hidroponikoen negutegiak hogei hektareatik gora okupatuko ditu, gaur egun zereala landatzen duten lurretan. Mugimenduaren esanetan, tamaina horretako berotegiek "ingurune naturalari bizkar emanda elikagaiak ekoizten dituzte", eta lurra euskarri soila bilakatzen dute.

Energia gastua

Gainera, salatu dutenez, energia asko kontsumituko du instalazioak urte osoan zehar tomateak ekoitzi ahal izateko, eta 5.000 metro kubikoko ur-biltegi bat eraikiko dute negutegiaren beharrak asetzeko. Gogoratu dute Europako Batasuneko nekazaritza politikek klima aldaketa arintzeko helburua duten bitartean, Tuestako proiektuak klima aldaketa "areagotzen" laguntzen duela.

Alde ekonomikoan ere kritiko dira proiektuarekin. Oraindik eraikitzen hasi ez diren negutegiaren enpresak Eusko Jaurlaritzaren aldetik "659.435 euro" jaso dituela azaldu du Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak. "Tomate horiek gaur egun bertako tomatea ekoizten duen familia-nekazaritzarekin lehiatu nahi dute, eta are gehiago oztopatuko dute beren jarduna".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide