Berantevillako herriek mugikorraren estaldurarik ez dutela salatu du Udalak

Erredakzioa 2021ko eka. 24a, 09:00

Santurde bezalako herrietan komunikazioen egoera salatu du Udalak. ALEA

Mijancas, Santurde, Tobera, Lacervilla eta Escanzana herrietan zerbitzu "duina" exijitu dute.

Berantevillako Udalak eman du arazoaren berri sare sozialetan, eta azpimarratu du telefono mugikorraren estaldura izatea ezinbestekoa dela gaur egun edozein tramite egiteko. "Herritarrentzat ezinbestekoa da zerbitzu hau baldintza egoki eta duinetan izatea", esan du Mario Perea alkateak.

Udalaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Diputazioaren, Espainiako Gobernuaren eta sektoreko enpresa pribatuen ardura da herrien beharrei erantzutea. "Ez da bidezkoa herrietan bizi garenok gainerako biztanleak baino eskubide gutxiago izatea", esan du.

Halaber, Udalak salatu duenez asko hitz egiten ari da despopulazioari buruz eta landa eremua hobetzeari buruz,  baina ezinbestekoak diren zerbitzuak ez badira eskaintzen "herriak pixkanaka-pixkanaka hustuko dira".

Mijancas, Santurde, Tobera, Lacervilla eta Escanzana herrietan dagoen ezinegona ikusirik eta arazoari irtenbiderik ematen ez zaionez, Berantevillako Udalak idazki bat prestatu du, administrazioei bidaltzeko, eta herri horietako kaltetuen sinadurak biltzen ari da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago