Duela 37 milioi urteko bi sasizaldi espezie aurkitu dituzte Zanbranan

Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 17:36
Leire Perales-Gogenolak zuzendu du sasizaldien berri eman duen ikertaldea. ALEA

Egungo zaldien antzekoak ziren, baina txikiagoak.

Sasizaldien paradisua omen da Zanbrana. Imajinatzen duzue fox terrierraren, dogo alemaniarraren eta asto baten neurriko hiru behatzeko zaldiak Arabako paisaia subtropikal batean? Bada, Ainara Badiola doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Paleontologiako ikertaldeko  kideak zehaztu duenez, sasizaldi horietako asko Zanbranako aztarnategian aurkitu dituzte. "Adibidez, Pachynolophus zambranensis eta Iberolophus arabensis espezieak kokagune paleontologiko horretantxe aurkitu ziren lehenbizikoz". Orain, berriz, Leptolophus Cuestai eta Leptolophus franzeni espezie berriak deskribatu dituzte.

Aurkikuntza Journal of Vermiolate Paleontology nazioarteko aldizkariak artikulu batean argitaratu du. Leire Perales-Gogenolak zuzendutako ikerketa horretan Zanbranako paisaia subtropikalean duela 37 milioi urte bizi ziren ugaztun paleoteridoen bi espezie deskribatzen dira, orain arte ezagutzen ez zirenak. 

Europako artxipelagoan, paleoteridoen (edo sasizaldien) dozena erdi genero baino gehiago zeuden, erdiak baino gehiago endemikoak Iberiar uhartean, eta Eozenotik Oligozenorako trantsizioan izaniko krisi klimatiko-biologikoan desagertu ziren. Gorputzaren itxura aintzakotzat harturik, paleoteridoak egungo zaldien antzekoak ziren, baina txikiagoak.

Ezohiko ezaugarriak

Aurkitu berriak diren bi espezieok areagotu egiten dute paleoteridoen faunen erregistro fosila eta biodibertsitatea, eta hortz ezaugarri ezohikoak dituztela ikusi dute ikertzaileek. "Atzeko haginek koroa oso altua dute, eta zementuzko geruza lodi batez estalita daude. Hortz mota hori beste paleoterido iberiar batzuetan ere ageri da, eta litekeena da eremu iberiarraren eta Europa erdialdearen arteko ingurune-baldintzen diferentziaren adierazgarri izatea: Iberia aldean baldintza idorragoak edo baso ez hain itxiak, eta eremu irekiagoak izatea", azaldu du Perales-Gogenolak.

Europan, baso intertropikalak galduz joan ziren Eozeno amaieran, eta bide eman zieten landare komunitate epelagoei, eremu irekiagoei. Zaldi modernoak gerora agertu ziren Europan, Miozenoan (23-5,3 milioi urte). Haien hortzek koroa oso garaiak dituzte, eta egokiturik daude silize askoko landaredian bazkatzeko (larreak). Zanbranako  goi Eozenoko aztarnategiko Leptolophus cuestai espezie berriaren atzeko haginek ere ohi baino koroa altuagoak dituzte, Europako lehen ekidoetako batzuen antzekoak.

"Interes paleobiologikoaz gainera, Zanbranako ugaztunen askotariko fosilek –primateak, karraskariak, martsupialak, haragijaleak, artiodaktiloak eta perisodaktiloak– informazio berria ematen digute Europan eta gure inguruan denbora geologikoan izaniko klima eta ingurumen aldaketei buruz", azaldu dute ikertzaileek.

Gaur egun, EHUko Ornodunen Paleontologiako ikertaldea paleoteridoen material gehiago deskribatzen ari da, eta litekeena da perisodaktilo ekuoideoen artean ezohiko hortz ezaugarriak dituzten genero eta espezie berriak deskribatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide