Euskal Gatza bihurtu da Añanako gatza, Eusko Label ziurtagiria lortuta

Erredakzioa 2021ko eka. 10a, 13:43
Euskal Gatza markaren aurkezpena, Añanako Gatz Haranean. / HAZI

Gesaltza Añanan eta Leintz Gatzagan sortutako iturburuko gatza izango da Euskal Gatza, ingurumenaren aldetik jasangarria den artisau erako sistema baten bidez ekoitzia.

Hemendik aurrera, Eusko Label ziurtagiria duten produktuen artean izango da Euskadiko Iturburuko Gatza – Euskal Gatza, Añanako Gatz Haraneko (Araba) eta Leintz Gatzagako (Gipuzkoa) ur gaziko iturburuetan ekoizten den gatza izendatuko duen marka berria. "Kalitate handiko gatza da, modu jasangarrian eta artisau eran ekoitzi, sailkatu eta ontziratua", azaldu du HAZI fundazioak.

Marka berria ostegun goizean aurkeztu da Añanako Gatz Haranean, eta ekitaldian izan dira Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea, Peli Manterola HAZIko zuzendaria, Pablo de Oraa Añanako Gatz Haraneko kudeatzailea, eta Beñat Agirreurreta Leintz Gatzagako Udaleko Kultura zinegotzia.

Gesaltza Añana eta Leintz Gatzagako bi gatz enpresek 150 tona iturburuko gatz eta 20 tona gatz-lore ekoiztu zituzten 2020an, eta ekoizpen hori etorkizunean handitu daitekeela aurreikusi dute, merkatu eskariaren arabera.

Eusko Label zigilua

Euskal Gatza hainbat aurkezpen formatutan aurki daiteke merkatuan, hala nola kristalezko potoetan eta kartoizko ontzietan, guztiak Eusko Label zigilua duen kontrol etiketarekin identifikatuta. Beste gozagarri batzuk dituzten hainbat elaboratu ere badaude; adibidez, baratxuria, pipermina, kaiena eta belar proventzalak.

Produktuak ez du inolako tratamendu fisiko edo kimikorik, ezta gehigarririk eta trinkotzearen kontrako produkturik ere. "Kolore zuri garbiko gatza da, apur bat hezea, testura leun eta disoluzio errazekoa, ahoko zaporearen iraunkortasun ertaina duena", azaldu du HAZIk. Hain zuzen ere, HAZI ziurtapen organoak bermatuko du Euskal Gatzaren prozesu katean beharrezkotzat jotzen diren kontrol sistemak, Eusko Label bereizgarriarekin identifikatutako produktuek kalitate baldintza guztiak bete ditzaten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide