Sei kontzertu eskainiko ditu aurten Gaubeako Schubertaldiak

Erredakzioa 2021ko eka. 7a, 13:30
Gerhard laukoteak Gaubeako jaialdia itxiko du, uztailaren 30ean. / GERHARD QUARTET

Uztailaren 10etik 31ra bitartean, laugarren urtez jarraian, Schubertaldia Gaubeara itzuliko da, sei kontzerturekin eta musika klasikoaren jaialdiaren sendotasuna erakusten duen programa batekin.

Sei kontzertu izango ditu aurten Gaubeako Schubertaldiaren IV. edizioak; lehenengo bi edizioetako ohiko laurak eta iaz egin ezin izan ziren beste biak. Uztailaren 10etik 31ra bitartean izango da, betiko agertokietan; hau da, Angostoko Santutegiko Aita Pasiotarren elizan, Tuestako Andra Mariaren elizan eta Bachicaboko San Martin elizan.

Jaialdia uztailaren 10ean hasiko da, oso kontzertu bereziarekin. Johann Sebastian Bachen Goldberg Bariazioak entzun ahal izango dira Angostoko elizan, Lina Tur Bonet biolinistaren eta Varvara pianistaren bertsioak protagonista izango dituen emanaldian.

Uztailaren 16 eta 17ko asteburuan, berriz, kantu poetikoko bi errezitaldi izango dira Tuestako elizan: Marie Seidler mezzosopranoa eta Sheva Tehoval sopranoa, Daniel Heide pianistarekin batera.

Uztailaren 23an, Bachicaboko tenpluan, Carlos Mena kontratenor gasteiztarrak joko du Daniel Zapicorekin; eta uztailaren 24an, Tuestan, Christian Blackshaw britainiarrak debuta egingo du Espainiako estatuan Schuberten Impromptus eta Schumannen Fantasiarekin.

Jaialdia uztailaren 30ean itxiko du Gerhard laukoteak, Bachicabon, Debussy eta Schuberten lanekin. Hala, Espainiako estatuko hari laukote onenak Gaubeara eramateko apustuari eusten dio jaialdiak.

Hiru egun barru, sarrerak 15  eurotan izango dira salgai tickets.kutxabank.es webgunean. Gainerako informazio guztia, Schubertaldiaren webgunean topa daiteke.

 

Guztira, 30 kontzertu

Gaubeako Udalak eta Bartzelonako Franz Schubert elkarteak Aldundiko Kultura Sailaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin Gaubean antolatutako sei kontzertuez gain, Schubertaldiaren aurtengo edizioak 30 kontzertu izango ditu, eta 58 musikarik hartuko dute parte. Vilabertran (Katalunia) izango da, beti bezala, jaialdiaren gune nagusia, baina Bartzelonan, Castello d'Empuriesen eta Vilajuigan ere izango dira kontzertuak; Cadaqueseko elizan kontzertu bat izango da, eta beste bat Mondoñedoko katedralean (Lugo, Galizia).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide