Iraganeko uholdeak azalarazi dituzte, Caicedo Yuso-Arreoko lakuari esker

Juanma Gallego 2021ko eka. 1a, 12:25

Lakuko sedimentuak aztertu dituzte, iragana ondorioztatzeko. PEDRO ODRIOZOLA / IREKIA

Laku horretako sedimentuak aztertuta, Euskal Herrian azken 1.400 urteetan izandako uholdeak berreraiki ditu ikertzaile talde batek. 

Caicedo Yuso-Arreoko aintziraren inguruan sortu diren kondairen artean, bada bat dioena bertatik abiatzen direla Euskal Herrian gertatzen diren ekaitzak. Ez da horrela, noski; baina, kondaira, zentzu batean, bete egin da orain. Izan ere, ikertzaile talde batek aintzira horri esker argitu ahal izan ditu Euskal Herrian eta inguruetan sortu diren uholdeak. Zehazki, azken 1.400 urteetan izandako uholdeen historia berreraikitzeko moduan egon dira.  

Laku horretako 126 sedimentu aztertu dituzte zientzialariek, eta, halako azterketa paleoklimatikoetan gertatu ohi den bezala, eskuratutako datuak erregistro historikoekin osatu dituzte. Besteak beste, CIEMAT eta CSIC zentroetako eta Grenobleko unibertsitateko ikertzaileek parte hartu dute ikerketan. Kontuan hartu dituzte ere gizakiak lurraren erabileran ondorioz eragindako aldaketak.  Emaitzak Quaternary Science Reviews aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dituzte.

Muturreko gertakariak batez ere azken 500 urteetan jazo direla ondorioztatu dute. Bereziki 1830-1870 urte tartean uholde garrantzitsuak dokumentatu ahal izan dituzte, Izotz Aro Txikiarekin batera. Garai horretan, Europa osoan tenperatura hotzak nagusitu ziren. Ezagunak dira garai horretan marraztutako margolanak, hiri askotako laku izoztuetan jendea patinatzen ari zela erakusten zutenak. Bestetik, VIII. eta IX. mendeetan ere uholdeen ugaritzea eman zela ondorioztatu dute.  

Gaiaren bueltan mundu osoan egiten diren beste ikerketa askotan bezala, honetan ere egiaztatu ahal izan dute klima aldaketari lotutako muturreko gertaeren ugaritzea. "Ikerketak erakutsi du XX. mendeko azken hamarkadetan jazotako udazkeneko uholdeen handitzea, aurreko garaiarekin alderatuta; beroketa globalarekin bat dator hau", azaldu du CSIC institutuko ikertzaile Gerardo Benitok.

Zientzia artikuluan, Arabako aintzirak dituen ezaugarri bereziak nabarmendu dituzte. "Dituen baldintza morfo-sedimentario apartengatik zein [urak] biltzeko dituen gaitasunagatik, Arreoko lakua agertoki bikaina da Euskal Herriko paleo-uholdeen informazioa bildu eta epe luzera gordetzeko", idatzi dute. 

Iragana argitu ez ezik, datu hauekin etorkizunean etor daitezkeen aldaketak hobeto ulertu nahi dituzte adituek, klima aldaketarekiko egokitzapena ahalik eta modurik egokienean egin ahal izateko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago