Zadorraren ibai-pasealekua berritu dute Armiñonen

Erredakzioa 2021ko mai. 25a, 11:00

Armiñongo ibai-pasealekua berritzeko lehen fasea amaitu du URA agentziak. Zadorra ibaiaren eta hirigunearen arteko ibaiertzeko landaredia berreskuratu nahi da pasealekuko 300 metrotan; oraingoz, lehen 100 metrotan egin dira lanak.

Uraren Euskal Agentzia publikoak Armiñongo ibai-pasealekua berritzeko obren lehen fasea gauzatu du, ibaiaren eta hiri-bilbearen artean naturalizatutako ibaiertzeko landaredi-zerrenda bat berreskuratuz. Pasealekua osatzen duen hormigoizko zolataren zati bat kendu eta tarte horretan ibaiertzeko espezie autoktonoak landatu dituzte.

Armiñongo Udalak eta URAk sinatutako lankidetza-protokoloaren babesean egin da jarduketa, 27.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Gainera, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren finantzaketa jaso du.

300 metro inguruko tartearen lehen 100 metroetan egin da oraingo esku-hartzea. Gainerako zatia 2022an egingo da, ibai artifizial naturalizatu bat sortzeko lanekin batera, Armiñongo errota zaharrera ura bideratzeko presaren ondoan, Zadorrako arrain faunaren joan-etorria errazteko helburuarekin. Izan ere, ibai artifiziala sortzeak kalitate oneko lur-soberakinak sortuko ditu, eta ibaiertzeko gainerako 200 metroak naturalizatzeko eta landareztatzeko erabiliko dira.

Orain, oso eraldatuta daude Zadorra ibaiaren ezkerreko ertz eta ibaiertza, Armiñongo hirigunetik igarotzean: ibaiertzean zehar harri-lubeta bat dago eta ibaiertzak okupatzen du hirigintzaren garatzeak. Ondorioz, Zadorra ibaiaren zati horrek ez du ibaiertzeko landaredirik, ezta ibai-ekosistemari ematen dizkion zerbitzu ugaririk ere, besteak beste: ibilguaren itzala, fauna espezieentzako babeslekua, elikagai iturria eta paisaia balioa.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago