Badaiako Santa Katalinako lorategi botanikoak milatik gora bisitari jaso ditu irekieraren lehen hilabetean. Apirilean hainbat mugikortasun murrizketa ezarri badira ere, asteburuetan, ehunka lagun hurbildu dira Trespondeko paraje ikusgarriaz gozatzera. Hain zuzen ere, ilara batzuk sortu dira egunotan lorategiaren sarreran, eta, beraz, sarrerak online erostea gomendatu dute Santa Katalinara joan aurretik.
Lorategi botanikoa apiriletik zabalik egon den arren, astean zehar publikoari itxita egon da, hainbat konponketa eta landare berriak kokatzeko lanetan ibili baitira bertako langileak. Landaketa haraneko barrenean eta aromatikoen eremuan zentratu da. Hartara, kolore gorri eta laranjak dituzten espezieak landatu dituzte "suzko argigunea" deituriko partzelan, eta "aireko soilgunean" zuria nagusi duten landareak; "uraren soilgunean", berriz, kolore urdineko landareak kokatu dituzte. Gainera, aromatikoen eremuan, landare usaintsuak, sendabelarrak eta sukaldaritzan erabilgarriak diren espezieak erein dituzte, baita txilarrak ere.
Santa Katalinako arduradunek adierazi dutenez, maiatzean beroarekin batera landare jarri berrien hazkuntza ahalbidetuko da, eta lorategiaren barruan jarduerak hasi ahal izango dituzte.
Dibertsitate funtzionala
Gainera, maiatzetik aurrera, abian da dibertsitate funtzionala duten bisitariei zuzenduriko proiektu berri bat. Horren asmoa mugikortasun arazoak edo gorrak diren pertsonei lorategira sartzeko eta bertako jardueretan parte hartzeko gainerako bisitarien antzeko baldintzak eskaintzea da. Aldez aurretik erreserbatuta, mugikortasun urriko pertsonek Jolette aulki bat izan dezakete naturagune osoan zehar mugitzeko. Gainera, gorrek zeinu-interprete baten laguntza izango dute lorategi botanikoaren esparruan egiten diren jardueretan parte hartu ahal izateko.
Izan ere, hurrengo hilabeteetan, kultura, natura eta aisialdiarekin lotutako hainbat jarduera antolatu dituzte Santa Katalinako arduradunek. Tartean, hilero, bi larunbatetan, Arabako Bonsai Elkarteko kideak bonsaien erakusketa-gunean izaten dira, aleak diseinatzen eta zaintzen. Lan horiek jendearentzat irekiak dira eta ale horiek zaintzeko teknikak erakutsiko dituzte. Bestalde, maiatzaren 23an, euskal mitologiaren inguruan ipuin-kontaketa bat izango da lorategian, 13:00etatik aurrera, Ane Gebararen eskutik.