Komunitate energetikoa sortzeko lehen urratsak egin ditu Trespondek

Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 17:33
Trespondeko bizilagunak prest agertu dira proiektuarekin aurrea egiteko. IRUÑAKO

Herrian 48 panel fotovoltaiko instalatzeko asmoa dute, elektrizitatearen faktura gutxienez %50 murrizteko.

Trespondeko Administrazio Batzarrak komunitate energetiko bat osatzeko lehen urratsak egin ditu, eta 48 panel fotovoltaiko instalatzeko asmoa du, bizilagunei elektrizitatea modu jasangarriagoan hornitzeko eta, argiaren fakturan aurrezteko. Lehen kalkuluen arabera, bizilagunen elektrizitate-faktura gutxienez %50 murriztu daiteke, eta, aldi berean, energia garbia sortzen da, atmosferara 68 tona CO2 isurtzea saihestuz. 

Administrazio Batzarrak Nafarroako E+P enpresa kontratatu du, autokontsumorako baratze fotovoltaiko hori sortzeko kudeaketan laguntzeko, eta lehen urratsak egin ditu herritarrek hornidura-aldaketa egiteko prest dauden ezagutzeko. Ekimenak izandako harrera ikusita –Trespondeko biztanleen %90ek 48 ordutan aurkeztu ditu elektrizitate-fakturak Administrazio Batzarraren aurrean–, Davide Di Paola presidenteak proiektua jarri du abian.

Proiektuak 110.000 euroko aurrekontua du, eta, une honetan, Administrazio Batzordea hainbat erakunderekin negoziatzen ari da gastu hori ordaintzeko diru-laguntzak lortzeko. Horrelako instalazioetan aitzindaria den Lasierrako Administrazio Batzarrak EEEren eta Arabako Foru Aldundiaren aldetik finantzaketa lortu zuen bere instalazioaren %100erako, baina Tresponden %80ra iristearekin nahikoa izango lukete, Administrazio Batzarrak zuzenean ordainduko baitlituzke plaken gainerako kostua eta sistemaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gainerako gailuak.

Era berean, Zadorra ibaian zentral eoliko txiki bat instalatzeko asmoa agertu du Administrazio Batzarrak, eguneko 24 orduetan etengabe energia emango lukeena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide