Harri Gorri Sobrongo bigarren ferrata bidea inauguratuko dute hilaren 22an

Erredakzioa 2021eko maiatzaren 7a

Sobrongo lehen ferrata bidea 2016an zabaldu zuten. NATURASOBRON

460 metroko luzera du bideak eta zailtasun handia (K5).

Añanako Kuadrillak ohartarazi duenez, prestakuntza fisiko ona eta eskaladako eta harrian behera egiteko  trebetasuna eskatzen du bide berriak. Hortaz, Sobrongo arroilan prestatutako Harri Gorri ferrata-bidea ez da edonorentzat egokia, eta horrelako jardueretan esperientzia ez bada, mendiko teknikari-gidari kualifikatu bat kontratatzea gomendatzen dute. Gainera, hamalau urtetik gorakoentzat eta gutxienez 1,60ko altuera dutenentzat gomendatua dago. 

Goranzko zeharkaldian hasten da ibilbidea, pareta bertikal batetik 45 metroko luzera duen lehen zubi bateraino, hiru kablerekin ekipatutakoa. Beheranzko zeharkaldian jarraitzen du bideak, bigarren zubi bateraino, hori ere hiru kablerekin ekipatua eta luzera berekoa, baina zailtasun zertxobait handiagoarekin. Aurreraxeago hirugarren eta azken zubi bat dago, zortzi metroko luzerakoa eta bi kablerekin soilik ekipatutakoa, ibilbidearen azken zatian utziko gaituena, pareta oso bertikal batetik egin beharreko jaitsiera jarraitu batean. Paretaren oinean, jardueraren amaieraraino eramango gaituen bidexka bat dago, Uraren Museoraino. Hiru ordu inguru behar dira ibilbidea osatzeko.

Ohartarazi dutenez, zubietan banaka egin behar da aurrera, hau da, banan-banan eta bakoitza amaieraraino iritsi arte. Paretaren 
altuera eta luzera psikologikoki exijente samarrak dira.

Dena den, ibilbidea uzteko bi aukera daude, hasi eta 70 eta 150 metrora, lehen zubira iritsi baino lehen.

Bide berri hau Eusko Jaurlaritzaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) laguntza ekonomikoari esker lortu da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago