Baia ibaiaren egoeraren aurrean "babesgabetasuna" salatu dute Erriberabeitian

Erredakzioa 2021ko mai. 3a, 19:00
Baia ibaiaren egoera Erriberabeitian. / Argazkia: Amado Martinez de Iturrate

Ribera Baja Bizirik hautesle elkarteak salatu du Aldundiko Ingurumen Sailak ukatu egin diola Baia ibaiaren utzikeria egoera azaltzeko agerraldi eskaera bat.

Martxoaren 15ean, Ribera Baja Bizirik hautesle elkarteak agerraldi bat eskatzeko idazki bat helarazi zion Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko lehendakari Ana Isabel Salazarri.

Agerraldiaren helburua zen Baia ibaiak Erriberabeitia udalerritik igarotzean duen "utzikeria" egoera salatzea, eta, horrekin batera, hura garbitzeko eta ingurune natural hori zaintzeko eskatzea. Nabarmendu dutenez, Natura 2000 Sarearen parte da eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bezala izendatuta dago Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez.

Hala ere, Ribera Baja Bizirik elkarteak apirilaren 26an jasotako erantzunaren arabera, Ingurumen eta Hirigintza Sailak agerraldiari uko egitea erabaki du, azalpen gehiagorik eman gabe.

EAJk eta PSEk osatutako foru gobernuak Erriberabeitiko bi hautetsiri jarritako "betoaren" aurrean, "babesgabetasun egoeran" daudela salatu dute. Euren ustez, "ez da normala, eta are gutxiago demokratikoa" Ingurumen Sailak "ibaia garbitzea helburu duen" agerraldi bat ukatzea.

 

Elkartasuna kontzejuekin

Azkenik, Ribera Baja Bizirik elkarteak elkartasuna adierazi die duela hilabete Diputazioaren aldetik "erantzun berbera" jaso zuten udalerriko bi administrazio batzarrei: Quintanilla de la Ribera eta Manzanos.

"Beren kontzejuetatik igaroko den Abiadura Handiko lineari buruzko informazioa eskatzeko teknikariekin eskatutako bilera bat ukatu zieten", azaldu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide