Vallegrullgo kareharrien itzalpean dago Villamardones, aurreko mendeko 60ko hamarkadan abandonatua. 1958ko martxoaren 7an, hain zuzen, alde egin zuten bertatik azkeneko lau familiek. Arabako Elizbarrutiak erosi zuen herria, bertan baserri handi bat sortzeko eta Gasteizen eraikitzen ari ziren langileen erresidentziak hornitzeko. Izan ere, industriaren goraldiarekin batera ehunka gazte hurbiltzen ari ziren hiriburura eta Eliza Katolikoak emakumezkoen eta gizonezkoen egoitzak eraiki zituen langile berri horiek jasotzeko.
Villamardonesek beti izan du populazio gutxi, izan ere, XIX. mendearen erdialdean zazpi etxe besterik ez zituen, eta ez du inoiz berrogei biztanle baino gehiago izan. Neurri handi batean, bere kokapenak eragin du hori, komunikazio-bide garrantzitsuetatik urrun baitago eta klima gogorreko haran isolatu batean.
Gaur egun Haraneko Andre Mariaren elizako hondarrak ikus daitezke ehunka urte dituen hagin baten ondoan, eta bertan dago baita ere Done Laurendiko ermitara doan bidexka. Hagina da basamortu berdearen hondarretako biztanle bakarra. Bertako azken familien testigantzaren arabera, 1906. urtean landatu zuten bertan San Martin de Losatik (Burgos, Espainia) ekarrita.
Bizitza eta heriotza
Haginak EAEko Flora Mehatxatuaren Katalogoan interes bereziko zuhaitzaren babes kategoria du. Bere egur malgu eta gogorra aspalditik erabili izan da arkuak, musika tresnak eta askotariko erremintak egiteko. Gainera, Valderejoko Haranaren naturaren eta kultura ondarearen parte garrantzitsua izateaz gainera, balio zientifiko handia du.
Zuhaitzaren ondoan berriki kokatutako informazio-taula batean jasotzen denez, ezaugarri sendagarriak zein tokikoak ditu haginak, eta gauza bietarako erabili izan da. Egun tatxola lortzeko erabiltzen da, zenbait minbiziren tratamenduan baliogarria den substantzia.
Baina haginak taxina ere sortzen du, oso toxikoa den konposatua, antzinatik ezaguna. Substantzia horrek nerbio sistemari eraso egin eta pertsonen bihotza gelditzeko gaitasuna du, eta horregatik erabiltzen da haginaren estraktua heriotza eragiteko.
Euskal Herriko mitologiari loturiko zuhaitza izateaz gainera, antzinaroan jendea zuhaitzpean biltzen zen bilerak, erritoak eta festak egiteko; ezagutza, auzotasuna eta lurraldearen sinboloa zen zuhaitza. Ohitura horien lekuko eta protagonista da Villamardonesko hagina. Halaber, zuhaitzaren inguruan egiten ziren tratuak lege bihurtzen ziren.
Iturria berreskuratu dute
Haginak zelatatzen duen Villamardones nabarmentzeko asmoz, eta parke naturalaren ibilbideen artean inguru hori ere sartzeko, 2019an Auzolandegiak programaren barruan herriko iturria berreskuratzeko eta kaleak garbitzeko hogei eguneko auzolana antolatu zuten Gaubeako Udalak eta Arabako Foru Aldundiak. 1865. urtean eraikitako iturria argitara atera zuten bertan ibili ziren gazteek, eta gainera ustekabeko elementuak aurkitzeko balio izan zuen, hala nola iturriaren atzetik doazen kanalak.
Lan horietan jardun zuten arkeologoek azaldu dutenez, kanal horiek zertarako eta noiz eraiki zituzten argitzeke dago, eta gehiago induskatu beharko da inguruan.