Sei kontzertu eskainiko ditu aurten Gaubeako Schubertaldiak

Erredakzioa 2021ko mar. 17a, 09:00
Gerhard laukoteak Gaubeako jaialdia itxiko du, uztailaren 30ean. GERHARDQUARTET

Kataluniako jaialdiak indartu egin du Euskal Herriko apustua eta, laugarren edizioan, kontzertuen kopurua handitu du. Gaubeako Tuesta, Angosto eta Bachicabo aukeratu dituzte uztaileko kontzertuak eskaintzeko.

Uztailean, laugarren urtez jarraian, Schubertaldia Gaubeara itzuliko da, musika klasikoaren jaialdiaren sendotasuna eta bizitasuna erakusten duen programa batekin, eta Euskal Herrian entzuteko aukera izango den kontzertu kopurua handituta, lau izatetik sei izatera igaro baitira.

Jaialdia uztailaren 10ean hasiko da, oso kontzertu bereziarekin. Johann Sebastian Bachen Goldberg Bariazioak entzun ahal izango dira Angostoko elizan, Lina Tur Bonet biolinistaren eta Varvara pianistaren bertsioak protagonista izango dituen emanaldian.

Uztailaren 16 eta 17ko asteburuan, berriz, kantu poetikoko bi errezitaldi izango dira Tuestako elizan: Marie Seidler mezzosopranoa eta Sheva Tehoval sopranoa, Daniel Heide pianistarekin batera.

Uztailaren 23an, Bachicaboko tenpluan, Carlos Mena kontratenor gasteiztarrak joko du Daniel Zapicorekin; eta uztailaren 24an, Tuestan, Christian Blackshaw britainiarrak debuta egingo du Espainiako estatuan Schuberten Impromptus eta Schumannen Fantasiarekin. Jaialdia uztailaren 30ean itxiko du Gerhard laukoteak, Bachicabon, Debussy eta Schuberten lanekin. Hala, Espainiako estatuko hari laukote onenak Gaubeara eramateko apustuari eusten dio jaialdiak.

Aurtengo edizioak 30 kontzertu izango ditu, eta 58 musikarik hartuko dute parte. Vilabertran (Katalunia) izango da, beti bezala, jaialdiaren gune nagusia, baina Bartzelonan, Castello d'Empuriesen eta Vilajuigan ere izango dira kontzertuak; Gaubeako Schubertaldiaz gain, Cadaqueseko elizan kontzertu bat izango da, eta beste bat Mondoñedoko katedralean (Lugo, Galizia).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide