Burgos-Gasteiz AHT linearen inguruan Añanako herriekin biltzeari uko egin dio Aldundiak

Erredakzioa 2021ko mar. 11a, 12:25
AHTrik ez Arabako Haranak plataformaren traktorada bat, 2018an. / Argazkia: HALA BEDI

Komunioi, Quintanilla de la Ribera, Manzanos, Leziñana Oka eta Trespondeko administrazio batzarrek "babesgabetasun egoera" salatu dute, Ingurumen Sailak Burgos-Gasteiz AHT linearen proiektuak ingurumenean izango duen eraginari buruzko bilera bati uko egin ondoren.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak eragin dien "babesgabetasun egoera" salatu dute Komunioi, Quintanilla de la Ribera, Manzanos, Leziñana Oka eta Trespondeko administrazio batzarrek, ohar bateratu batean.

Izan ere, joan den otsailaren 12an, informazio-bilera bat eskatu zuten Aldundiko sail horretako teknikariekin, Burgos-Gasteiz Abiadura Handiko Linearen proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruz hitz egiteko. Proiektu horrek zuzenean eragindako bost kontzeju horietako toki-erakundeen asmo bakarra azalpenak, ekarpenak eta iritziak trukatu ahal izatea zen.

Salatu dutenez, Ingurumen eta Hirigintza Sailetik jasotako erantzuna honakoa izan zen, hitzez hitz: "Saileko teknikariekin biltzeko eskaerari dagokionez, gure ustez ez da beharrezkoa".

"Ez da normala, ezta zentzuzkoa ere, Ingurumen Sailak erakunde publikoen eta Aldundiko teknikarien arteko horrelako bilerei uko egitea, horien helburu bakarra gaiak argitzea eta iritziak trukatzea baita, ordezkatzen ditugun herrientzat hain garrantzitsua den gai batean ahalik eta informazio gehien izateko", kritikatu dute.

Horregatik guztiagatik, Ingurumen Sailari eskatu diote ezezko erantzuna berriz aztertzeko, eta gertatutakoa "berriro ez errepikatzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide