Supermerkatua berriz ireki dute Uribarri Gaubean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko ots. 14a, 08:00
Lehenengo egunetan bizilagun ugari hurbildu dira Uribarri Gaubeako dendara erosketak egitera. E.U.

Sei hilabetez itxita egon ondoren, hilaren hasieran zabaldu du Juan Carlos Garciak Uribarri Gaubeako supermerkatua. Batzar Administratiboak lan handia egin du lokala berriz martxan jartzeko.

Albo kalte ugari uzten ari da herrialdean pandemia, mota eta neurri askotakoak. Herri txikienetan, gainera, aldaketa sakonak gertatu dira urtebeteko epean, eta ikusteke dago luzera begira eguneroko bizitzan eta jarduera arruntetan jazo diren mudantza horiek mantenduko eta sendotuko diren edo urak beren lekura itzuliko diren. Tartean, beldurrak bultzatuta, asko eta asko izan dira hiritik herrira itzuli diren pertsonak, eta populazioa biderkatu ere egin da zenbait udalerritan. Horrek eragina izan du, latza, zerbitzuetan urriak diren toki batzuetan populazioaren hazkundeari ezin eutsita baitabiltza.

Gainera, hiri eta herri handien neurrira agindutako udalerrietako konfinamendu perimetralak asko zaildu ditu orain arte ohikoak ziren herrien arteko mugimenduak, erosketak egiteko, film edo antzezlan bat ikusteko, ile-apaindegira joateko, edo ondoko herrietako kiroldegietara, frontoira edo igerilekuetara hurbiltzeko.

Batzar Administratiboaren lokala

Halere, egoera berria lagungarri izan da ere hainbat proiektu aurrera ateratzeko, eta horien artean ezaguna egin da egun hauetan Jose Ramon Garciak Uribarri Gaubean berriz zabaldu duen supermerkatua. Ekainean jakin zuen Garciak Uribarri Gaubeako Batzar Administratiboak elizaren aurrean zuen lokala supermerkatu bezala zabaldu nahi zuela berriz, sei hilabetez itxita egon ondoren, eta negozioa martxan jartzeko norbaiten bila ari zirela. Abuztuan lokalaren ardura hartzea erabaki zuen, eta bideragarritasunaren eta negozioaren planak lantzen hasi zen, lagun batzuekin batera. Otsailaren 4an zabaldu du denda. "Lehen eguna kaosa izan zen, baina uste dut pixkanaka egokituko garela; gainera, jendeak hemen pazientzia du, ez da hirietan bezala", esan du supermerkatuko arduradun berriak.

Denetariko produktuak dituzte Uribarri Gaubean zabaldu berri duten supermerkatuan

Corron bizi da Garcia, eta inguruko jendeari esker enteratu zen supermerkatua berriz zabaldu nahi zuela Uribarriko Batzar Administratiboak. "Hasieratik iruditu zitzaidan ezinbesteko zerbitzua dela supermerkatua gure udalerrian, pandemiarekin eta pandemiarik gabe, bestela Gasteiza joan behar gara, Miranda Ebrora edo Espejora. Gaubea osoan eta inguru hauetan bakarrik bi denda gaude", azaldu du Garciak.

Momentuz, asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara dago zabalik supermerkatua, eta asteazken, ostegun eta ostiraletan 17:30etatik 20:00etara. Denetariko produktuak dituzte La despensa del abuelo bataiatu duten supermerkatuan: ogia Espejotik ekartzen die egunero Oraa okindegiak; fruta, barazkiak eta produktu izoztuak ere badituzte, tokiko abeltzainen haragiarekin batera. "Tokiko produktu gehiago jarri nahi ditugu. Azoka antolatzen duten ekoizle guztiekin hitz egin dut eta aukera eskaini diet; baina pixkanaka joan nahi dut". Izan ere, Garciarentzat dena da berria, ez baitu esperientziarik merkataritzaren munduan. "Orain arte pertsianak jartzen nituen", aitortu du.

Beraz, negozioaren lehen urratsa sendoa izatea nahi du eta supermerkatuko lanak finkatzea. Etorkizunera begira ere, udalerrian bizi den adineko jendea ikusirik, bezeroei produktuak etxera eramateko asmoa du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide