Gaubean bi milioi euroko inbertsioa aurreikusi du Tuesta Bakeryk

Erredakzioa 2021ko urt. 15a, 15:52
Arantxa Tapia, enpresara egindako bisitan, jarduerari berriro ekin ondoren. / IREKIA

Tuesta Bakeryk bi milioi euroko inbertsioak aurreikusi ditu Gaubean, ogia eta opilak egiteko bere lau ekoizpen-lerroak martxan jartzeko. Oraingoz, aldi baterako 20 enplegu sortu dituzte, 30 erreferentzia baino gehiago merkaturatzeko.

2019an, Horno de Tuesta enpresaren itxierak 59 lanpostu suntsitu zituen eta kolpe handia suposatu zuen Gaubeako ekonomiarentzat. Orain, enpresa horren lekukoa hartu du Tuesta Bakeryk, ogia eta gozogintzako produktu freskoen fabrikazioaren sektorean. Hiru ekintzaile arabarrek hartu dute proiektuaren erronka.

Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak enpresaren instalazioak bisitatu ditu aste honetan. Berarekin izan dira, besteak beste, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburu Bittor Oroz, eta, enpresaren ordezkari gisa, Luis Fernandez, Alberto Sasigain eta Diego Javier Moreno.

Enpresako arduradunek azaldu dutenez, bi milioi euroko inbertsioak egin beharko dituztela aurreikusi dute. Lau fabrikazio lerro abiarazteko asmoa dute, croissant, madalena, muffin, gurinopil, pastel eta beste hainbat produkturen 30 erreferentzia baino gehiagoren eskaintza berriro merkaturatzeko.

Oraingoz, aldi baterako 20 enplegu sortu dira, eta langile horien erdia eskualdean bizi diren emakumeak dira. Aurkezpenean, enpresak "landa ingurunearekin duen konpromisoa" azpimarratu dute; besteak beste, tokiko ekoizleekin elkarlanean arituko dira etorkizun hurbilean, lehengaiak eskuratzeko.

"Gasteizko ekintzaile talde baten eskutik berriz ireki izanak bultzada handia eman dio zonaldeko merkataritzari eta industriari, zonaldearen garapen sozioekonomikoari lagunduz", adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Halaber, talde berriak egindako ahalegina eskertu du Tapiak.

Landa eremuen suspertzea

2021erako, landa eremuen suspertze sozioekonomikoari laguntzeko tresnak indartu ditu Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak. Hain zuzen ere, deialdiak aurreratu ditu helburu horrekin, eta, guztira, 14,8 milioi euro bideratu ditu Erein eta Leader programen bidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide