Ramirez-Escuderoren ostean, Gorka Salazar izango da Gaubeako alkatea

Erredakzioa 2021ko urt. 14a, 09:00

Juan Carlos Ramirez Escuderok alkate kargua utziko du udaberrian. PHOT.OK

Hamahiru urtez Gaubeako alkatetzan izan eta gero, kargua utzi eta erretiroa hartzea erabaki du EAJko Juan Carlos Ramirez-Escuderok.

Bere ordez, Gorka Salazarrek hartuko du kargua, alderdiaren udal batzarrak hala erabaki ostean. Orain, Gaubeako udalbatzak onartu beharko du alkate berriaren kargu hartzea, eta udaberrirako espero dute ordezkapena gauzatzea.

Salazar Espejokoa da, 2019ko udal hauteskundeetan EAJren zerrendan bosgarrena joan zen, baina ez zuen zinegotzi kargua lortu. Bere izendapenaren inguruan polemika piztu da herrian, EAJko zinegotzi batzuek auzian jarri baitute Salazar alkatea izatea.

Ramirez-Escudero, alkateaz gainera, legebiltzarkidea ere izan da, baina iragan urteko otsailean utzi zuen kargua. Eco de Valdegovia tokiko aldizkarian azaldu duenez, 65 urte bete ditu jada "eta erretiratzeko adinarekin serioak izan behar gara". Haren esanetan, "hamar urte gehiago" egon ahalko zen alkate karguan, baina jende gazteari tokia egin behar zaiola uste du. "Ez zait kargura atxikitzen den jendea gustatzen, belaunaldi berriei tokia egin behar zaie".

Gaubeako alkate bezala bederatzi urteko ibilbidea egin zuen Patxi Unanua ordezkatu zuen Ramirez-Escuderok 2007. urteko hauteskundeen ostean, garaiko ANVko zinegotzi bakarraren babesari esker. Unanuak Unidad Alavesa alderdiarekin aurkeztu eta irabazi zituen udal hauteskundeak 1998. urtean, eta alderdi erregionalista utzi ondoren Agrupacion de Valdegovia talde independentea sortu zuen eta sigla horiekin gobernatu zuen EAJk alkatetza  lortu arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago