Zanbranako ehiza-barrutian miru gorri bat tiroz hil dutela salatu du Eguzkik

Erredakzioa 2020ko abenduaren 29a

Tiroz hildako miru gorria, Zanbranako ehiza-barrutian. / EGUZKI

Eguzki talde ekologistak fiskaltzan salatuko du Zabranako ehiza-barrutian miru gorri bat tiroz hil dutela. Gogorarazi dutenez, babestutako espezieak hiltzea kartzela zigorra ekar dezakeen delitu bat da.

Mirugorria (Milvusmilvus) "zaurgarri" gisa agertzen zen Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan. Eguzkik azaldu duenez, gainera, orain dela urte batzuk galzorian diren espezieen artean sailkatu zuten; hau da, arrisku handiena duten espezieei dagokien atalean.

Europako eta bereziki Iberiar penintsulako miru gorrien populazioek beherakada izugarria izan dute hamarkada eskas batean, eta babestutako espezieen aleak tiroz hiltzea kartzela zigorra ere ekar dezakeen delitu bat dela ohartarazi du Eguzkik. "Hala ere, ohikoa da, kronikoa. Administrazio publikoek, kasu honetan Arabako Foru Aldundiak, arazo honi ez diote behar bezala aurre egiten; are gehiago, beraien ehiza-politiken ondorio ere badela iruditzen zaigu", adierazi dute.

Horrenbestez, talde ekologistak salaketa aurkeztuko du Ingurumen Fiskaltzan, antzeko beste kasu batzuk salatu dituen bezala. "Badakigu oso zaila dela tiro egin duena identifikatzea eta zigortzea, baina salaketen bidez bistaratu nahi dugu hemen ingurumenaren aurkako delituak egiten ari direla", azaldu du Eguzkik. "Eta herritarrak animatu nahi ditugu horrelako kasuen berri dutenean publiko egitera eta salatzera".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago