Aernnovako langileek hiru greba egun gehiago deitu dituzte, 82 kaleratzeen kontra

Erredakzioa 2020ko abe. 21a, 10:04

Aernnovako langileen mobilizazioa Gasteizen, larunbatean. / ELA SINDIKATUA

Negoziazioa amaitu ostean eta zuzendaritzak gauzatu nahi dituen 82 kaleratzeen aurrean, aste honetarako hiru greba egun gehiago deitu ditu Aernnovako enpresa batzordeak. Gainera, EEEa auzitegietan salatzeko asmoa adierazi dute.

Aernnovako langileek larunbat honetan Gasteizen egindako mobilizazioan ohartarazi dute kaleratzerik ez dutela onartuko, joan den astean zuzendaritzak negoziazioa amaitutzat eman ostean. Azkenean, EEE baten bitartez eta akordiorik gabe, enpresak 82 kaleratze jarri ditu mahai gainean, hasieran 101 planteatu zituen arren. Aldaketarik ez badago, despidoak otsailaren 1etik aurrera gauzatuko dira Aernnovak Berantevillan duen lantegian.

Langileen batzordeak hiru greba egun deitu ditu aste honetarako, abenduaren 21ean, 22an eta 23an; astelehenetik asteazkenera 24 orduko lanuzteak egingo dituzte Berantevillan.

Gainera, sindikatuek ohartarazi dutenez, enpresak ez badio uko egiten enplegua erregulatzeko espedienteari, auzitegietan salatuko dute. "Beste aukerarik uzten ez badigute, epaitegietan ikusiko gaituzte, kalean ikusteaz gain", ohartarazi du langileen batzordeko lehendakari Juan Carlos Gomezek.

Enpresa batzordeak adierazi duenez, "edozein neurri" onartzeko prest daude, "aldi baterako lan erregulazio espedientea barne". Tartean, aurrejubilazioak, lanaldien murrizketak, bajak edota eszedentziak planteatu dituzte langileek; betiere, "neurri traumatikoak" ekiditeko helburuarekin. Hala ere, zuzendaritzak EEEa ez den alternatibarik negoziatzeari uko egin diola salatu dute sindikatuek.

Instituzioen inplikazioa

Hiru greba deialdietako lehenengoan, astelehen honetan, Aernnovako langileek elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizen, erakundeen inplikazioa eskatzeko eta kaleratzeak saihesteko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago