Pobesetik kilometro eskasera, Tuiuko mendien magalean kokatuta dago historia luzea eta bitxia ezkutatzen duen Anuntzeta herria. Egun, ohartu gabe igaroko litzateke Amparo Perezen Beltzitina marmelada ekologiko eta artisau produkzioaren txokoa izango ez balitz; baina oso aspaldikoak dira herriaren aztarnak. Izan ere, Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuenetarikoa dugu bertako Fuente Hoz, Epipaleolito eta Neolito bitarteko sekuentzia luzea aurkitu duten gunea.
Azken esklabista
Historiaurreko gizakiez gainera, bertako pertsonarik ezagunena Julian Zulueta Amondo(1814-1878) indiano, merkatari, esklabo-trafikatzaile eta Habanako alkatea da. Berez, herriko eraikinik interesgarriena Zulueta familiaren jauregia da, ez soilik eraikuntzaren trinkotasunagatik eta zurezko lan garrantzitsuak gorde dituelako, baizik eta bertan jaio zelako Euskal Herriko esklabista handienetako bat.
Hemezortzi urte besterik ez zituela Anuntzeta utzi zuen eta azukre-ola erraldoien jabea izatera iritsi zen Zulueta (8.272 hektarearen jabea). Kubara esklabo gehien sartu zituzten urtean –1859. urtean 40.000 inguru– gehienak bere bidez izan ziren, Hugh Thomas historialari ezagunaren arabera. Bestalde, 1874. urtean, azukre-ekoizpena mantentzeko eskulana behar zenez, Zuluetak Txinako esklaboak ere inportatu zituen, eta Asiako Kolonizazioaren Batzorde Nagusiko presidentea izatera iritsi zen.
Azukre-fabrikak eraikitzeaz gain, trenbideak ere martxan jarri zituen Zuluetak, azukrea lantegietatik Kubako portuetara eramateko. Araba deitu zion bere lehen azukre fabrikari, eta Bizkaia eta Habana bezala bataiatu zituen hurrengo biak. Soilik Araba fabrikan 660 esklabo beltz eta 110 txinatar aritu ziren lanean.
Lortutako dirutzaren eta boterearen ordainetan, besteak beste, Arabako markesaren titulua eman zion Alfonso XII.ak. Esklabistaren ondorengoek Kuba utzi zuten uhartearen independentziarekin, 1898an. 1912. urtean, berriz, Anuntzetakoaren alaba Elvira Zulueta Gasteizko Senda pasealekuko jauregia eraikitzen hasi zen, aitaren herentziari esker.
Pertsonen salerosketa sustatu zuen Euskal Herriko esklabo-trafikatzaile ospetsuenaren jaioterria izateaz gainera, ezaguna da Anuntzeta Erromatik eramandako eskeleto bat gordetzen dutelako, San Bizenteren erlikia bezala, herriko elizaren aldarean.
Erlikien "fabrika"
Euskal Herrian, garai batean, oso gustukoak zituzten tokiko elizek halako erlikiak izatea, eta San Bizenteren gorpu hori Erromatik eraman zuten Nuvillako elizara XVIII. mendean, herriko seme Tomas Ortiz Landazuri Santiagoko zaldunak eskatuta. XXI. mendearen hasieran, tenplua abandonatu zuten, eta "santua" Anuntzetako elizara eraman zuten. Erromako katakonbetatik ateratako hezurrekin eraikiak dira erlikia hauek guztiak, Italiatik Europako beste herrialdeetara eramateko. Horrelako irudiak osatzeko, hezurrak zeharkatzen zituen burdin-hari bat erabiltzen zuten, eta, gero, metalezko sare bat jartzen zuten multzo osoari forma egokia emateko behar besteko bolumena har zezan. San Bizente eskuinaldera etzanda dago, eta erromatarren estiloko jantzi dotoreak ditu soinean. Hezurrak agerian ez geratzeko, eskularruak ditu, sandaliak oinetan, eta aurpegia belo batez estalita du.