Añanako negozioak mugikortasun ezaren ondorioz itotzen ari direla salatu dute

Erredakzioa 2020ko aza. 30a, 12:38
Montehermoso baserria, Astulez herrian (Gaubea). / AÑANA TURISMO

Añanako enpresari eta ekintzaileek ohartarazi dute dozenaka landa negozio itotzen ari direla mugikortasun murrizketengatik. Lurralde barruan mugikortasuna malgutzea eta itzuli beharrik gabeko laguntzak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari.

Gaubeako zein Añana osoko ostalaritza eta turismo negozioak dituzten ehun bat enpresaburu eta ekintzaile biltzen dituen Gaubeako Enpresaburuen eta Ekintzaileen Elkarteak salatu duenez, biztanleria-dentsitate txikiko udalerrietako dozenaka landa negozio itotzen ari dira mugikortasunari ezarritako murrizketen ondorioz; batez ere, Araban.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote itzuli beharrik gabeko laguntzak ezar ditzan, "lurralde bakoitzean gertatzen ari den egoera ekonomiko zaila arintzeko eta, betiere, mugikortasun neurriak egokitzeko".

Elkarteak gogorarazi du bere jarduera landa eremuaren despopulazioa geldiarazteko "giltzarria" dela, eta Añanako eskualdean arazo hori "bereziki larria" dela. Halaber, deitoratu dute osasun krisiaren testuinguruan "Eusko Jaurlaritzak "ahaztu eta gutxietsi" egin dituela. "Negozio familiar eta ekintzaile txikiak gara, herriei bizia ematearen alde egiten dugunak eta ingurumen naturala zein kulturala babesten dihardugunak; enplegu egonkor eta ez prekarioa sortzen dugun bitartean, biztanleria finkatzen laguntzen duena", azpimarratu dute.

Landa munduaren ahanztura

Euren ustez, "landa mundua ahanztura jasaten ari da, erabakiak lurralde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu gabe hartzen direnean". Horrekin batera, Añanaren egoera berean dauden beste eskualde batzuei dei egin diete "udalerri txikien ahotsa batu eta berma dezaten, ahalik eta altuen irits dadin".

Zentzu horretan, elkarteak azaldu du Añanako udalerri txikiek mendekotasun sozioekonomiko handia dutela Arabako zein EAEko beste udalerri batzuekiko, eta jatorrizko udalerritik harago mugitzeko debekua "askoz kaltegarriagoa" dela ekonomikoki Gaubea bezalako udalerri batentzat 1.000 biztanle baino gutxiagorekin, Arabako hiriburuarentzat baino.

"Ezinezkoa da landetxeetan, hoteletan eta kanpinetan eskualdeko bezeroak jasotzea", deitoratu dute. Gainera, eskualdeko taberna eta jatetxeak itxita daude bigarren alarma egoera ezarri zenetik; izan ere, udalerrien arteko mugikortasunik ezak hiriburuan baino lehenago ixtera eraman zuen udalerri txikietako ostalaritza.

Landa turismoari aukera

Horrenbestez, Gaubeako eta Eskualdeko Enpresaburuen eta Ekintzaileen Elkarteak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, neurri murriztaileak ezartzeko orduan, kontuan har dezala lurralde bakoitzaren egoera epidemiologikoa. Une honetan, Araba eremu gorritik kanpo dago, eta, elkartearen ustez, saihestu beharko lirateke mugikortasuna murrizteko neurri orokorrak, horiek eragin ekonomiko negatibo handia baitute udalerri txikienetan.

Elkarteak proposatu du burbuila-taldeetan mugitzeko aukera ematea, adibidez, "Gasteizko familia batek eskualdeko edozein landetxetan ostatu hartzeko edo Añanako Gatz Harana bisitatzeko aukera izan dezan, birusa hedatzeko arriskurik sortu gabe".

Gainera, eskualdeko enpresaburuen aburuz, horrek hiriburutik hurbil dauden berdeguneetan gertatzen ari den masifikazioa murrizten lagundu dezake. "Ez al da hobe naturara modu seguruan etortzea, Olarizun 100 gasteiztar izatea baino? Jendeak orain inoiz baino gehiago behar du landara ateratzea", azpimarratu dute.

Neurri zehatzak

Gaubeako eta Añanako Eskualdeko Enpresaburuen eta Ekintzaileen Elkarteak hiru eskaera zehatz helarazi dizkio Eusko Jaurlaritzari, "inor atzean geratuko ez dela bermatzeko":

  • Landa turismoko negozioen ekitaldi itxiera onartzea, egungo mugekin ezin baitute bezerorik hartu.
  • Itzuli beharrik gabeko diru laguntzak, landa turismoko negozioak kudeatzen eta euren betebeharrekin jarraitzen dutenentzat: autonomoen kuotak, hipotekak, alokairuak... jarduera ekonomikorik ez dutenez fakturatu ezin duten arren.
  • Lurralde barruan mugitzeko baimena ematea; betiere, eremu gorritik kanpo badago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide