"Gaur egun, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ez du aipatutako proiektua eraikitzeko asmorik. Gainera, ez dago horri buruzko txostenik". EH Bilduk, Espainiako Kongresuan, Barrongo urtegiaren obra, ustez, berreskuratzeko asmoari buruz egindako galdera bati zorrotz erantzun dio Ministerioak.
Tokiko hainbat hedabidek iragan uztailean argitaratutako informazioak jaso zituen Iñaki Ruiz de Pinedo diputatu abertzaleak galderan. Hain zuzen, Barrongo proiektua Trantsizio Ekologikoko Ministeriotik Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako Ministeriora igaroko zela argitaratu zuten, eta urtegia egiteko asmoa berriro aktibatuko zela. Are gehiago, El Correo egunkariak, abuztuan, aipatu zuen proiektua Seiasa izeneko merkataritza-enpresa baten esku zegoela.
Abuztuko informazio hori berehala txalotu zuten Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta UAGAko lehendakari Javier Torrek. "Añanako nekazaritzan duen garrantzia defendatu izan dugu beti, eta, kasu honetan, aldeko ingurumen txostena duen proiektu batez ari gara, non neurri zuzentzaile guztiak gauzatu diren", esan zuen orduan ahaldun nagusiak, eta proiektuak aurrera egingo zuela azpimarratu zuen. Torrek bere aldetik nabarmendu zuen "ezinbestekoa" zela urtegia eraikitzea.