"Inbasioa" salatu dute Bergantzuko bizilagunek

Erredakzioa 2020ko urr. 21a, 18:01
Bergantzuko aparkalekuak gainezka egin du hainbat asteburutan.

Administrazioen esku-hartzea eskatu dute hainbat herritarrek Uraren Ibilbidean dagoen  "kontrol eza" eta "segurtasunik eza" konpontzeko.

Zanbranako Uraren Ibilbidera ehunka bisitari iristeak arazo larriak sortu ditu Bergantzun, bertan baitago Udalak ehun autorentzako egokitu duen aparkalekua eta ibilbidearen sarrera. Bizilagunek plataforma bat sortu dute, herri txiki horretan bizi den egoera salatzeko eta neurriak eskatzeko. "Herriko harmonia hautsi da, Bergantzuko lasaitasuna apurtu da, eta alegiazko garapen ekonomikoan baino ez da pentsatzen ari", esan dute.

Hartara, "herriko ingurune naturala babesteko", Uraren Ibilbidea sustatzeari uzteko eskatu du plataformak, jendetza saihesteko neurriak hartu eta autoen edukiera kontrolatu arte. Era berean, Uraren Ibilbidea jabetza pribatuko finketatik igaroko ez dela ziurtatzea galdegin dute, eta etorkizunean  desjabetzarik ez izatea. Era berean, ibilbidearen sustapenak ekarri duen "kalteen balorazioa" egiteko exijitu diote administrazioei. 

Herria, gainezka

Sare sozialetan zabaldutako idazkian, Bergantzuko plataformak azaldu du aparkalekuak gainezka egiten duela astebururo: "Hori dela eta, ibilgailuen ilarak sortu dira herriko sarbidean eta bisitariek tokiz kanpo edo errepideko bazterbideetan aparkatzen dute". Gainera, Bergantzura A-3126 errepidetik ez ezik, herriko partzelarietatik ere sartzen ari dira autoak, eta "partzelarien zoladuran eta A-3126 errepidean kalteak sortzen ari dira".

Gogoratu dutenez, A-3126 errepidea "estua" eta "bihurgunetsua" da, eta" haur parkea eta herriko gizarte zentroa zeharkatzen ditu". Halaber, bertako bizilagunek eta bisitan joaten zaizkien senideek asteburuetan eta jaiegunetan herrian aparkatzeko aukerarik ez dutela nabarmendu dute.

Bi proposamen

Arazoari irtenbidea emateko bi proposamen egin ditu plataformak. Batetik, Uraren Ibilbidera sartzeko dauden bi bideetan –Zanbranatik eta Pagoetatik– kontrolak jartzea eta Pagoeta inguruan bigarren aparkaleku bat hornitzea. Bestetik, egun dagoen aparkalekua Bergantzuko irteerara eramatea, bisitariek herrian sartu beharrik izan ez dezaten. Zentzu berean proposatu dute aparkalekuetan edukiera mugatzea eta aparkatzeko tasa bat ezartzea –euro bat edo bi euro–, eta tasa hori zuzenean Administrazio Batzarrak kudeatzea.

Plataformaren irudikoz, atseden gune bat ere egokitu beharko litzateke aparkalekuetan, itzala, iturria, zakarrontziak eta ogitartekoa hartzeko mahaiekin. "Horrela, bisitariek nahi dituzten jarduerak egin ditzakete, eta herria ez da etengabeko igarobidea bilakatuko".

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide