Pablo de Oraa, Añanako Gatz Haraneko zuzendari kudeatzaile berria

Erredakzioa 2020ko urr. 19a, 13:05
Pablo de Oraa. / AFA

Añanako Gatz Harana Fundazioaren Patronatuak Pablo de Oraa izendatu du zuzendari kudeatzaile izateko. Etorkizunerako ildo estrategikoak zabaltzeko erronka hartuko du bere gain, besteak beste, Gizateriaren Ondare izateko helburuarekin.

Berriki Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren arduradun hautatutako Daniel Solanaren ordezkoa izango da orain arte Kirol zuzendari eta Gazteriaren Foru Erakundeko arduradun Pablo de Oraa.

Ana del Val Patronatuko lehendakariorde eta Kultura eta Kirol Saileko arduradunak Gatz Haranaren helburuak lortzeko "konfiantza osoa" adierazi dio bere kideari. "Ia administrazio guztietan lan egin izanak, taldeak osatzeko eta kudeatzeko duen gaitasunarekin batera, ikuspegi globala eta zeharkakoa izateko aukera ematen dio, eta, orain, Gatz Haranaren onurarako praktikan jarri ahal izango da", azpimarratu du del Valek. Izan ere, Pablo de Oraak 35 urte daramatza administrazio publikoari lotuta, PSEk hainbat estamentutan funtzionario eta konfiantzazko kargu gisa izendatuta.

Orain, Añanako Gatz Harana Fundazioa kudeatzeko eta etorkizunerako ildo estrategikoetako batzuk zabaltzeko erronka bere gain hartuko du. Helburu nagusia UNESCOren hautagaitzari berriro ekitea izango da, baina, horrez gain, askotarikoak dira zuzendari kudeatzaile berriaren asmoak: irisgarritasun handiagoa lortzea, marketing plan berri bat garatzea, Fundazioaren finantzaketa hobetzeko babes plana abian jartzea, salmenta datuak hobetzea, ziurtapen prozesu batzuk amaitzea eta Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) garatzen jarraitzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide