Tona bat lasto erre da Erriberagoitian, "nahita piztutako" sute batean

Erredakzioa 2020ko urr. 14a, 10:00
Sutea Mimbredo inguruan, Erriberagoitia udalerrian. / @BomberosAraba

Astearte honetan, ustez nahita eragindako sute bat jazo da Erriberagotia udalerriko Mimbredo herrian. Suhiltzaileen arabera, sugarrak mila kilo inguruko lastategi bat suntsitu du.

Su hartu duen materiala Briviesca eta Zangozako energia sortzeko instalazioetara bidaltzekoa zen, baina astearte goizaldean iritsi da ezbeharra: "Nahita piztutako sutea da, ez dugu inolako zalantzarik", azaldu du Erriberagoitiko alkate Jesus Berganzak.

Arabako Suhiltzaileen arabera, kiskalitako azalera 125 metro luze, 20 metro zabal eta 12 metro garai zen. Foru zerbitzuak astearte goizaldeko ordu bietan jaso zuen abisua, eta ordu horretan euria ari zuen. "Eragindako sua izateko zantzu guztiak ditu", baieztatu du Arabako Foru Aldundiak, jatorri zehatza ezagutzea "zaila" izango dela onartzen duen arren. Gainera, Arabako udalerri honetan azken hiru urteetan izan duten antzeko laugarren ezbeharra izan da.

Mimbredon 20 biztanle baino gutxiago daude, eta Erriberagoitiko alkateak salatu du "erabat babesgabe" daudela. Hortaz, udalerrira sartzeko dauden lau errepideetan bideozaintzako kamerak instalatzen uzteko eskatu dio Segurtasun Sailari, "disuasio-efektuarekin".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide