Gatz Haranean LGTB pertsonen "merkantilizazioa" salatu du Lumagorrik

Erredakzioa 2020ko urr. 2a, 10:44
Añanako Gatz Harana izendatu du Diputazioak LGTB "espazio libre eta tolerantea". PHOT.OK

Gesaltza Añanako gatzaga "LGTB espazio libre eta tolerantea eta indarkeria matxistaren aurkakoa" izendatu du Arabako Foru Aldundiak.

Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatu Ana del Valek iragan irailaren 17an  iragarri zuen Añanako Gatz Haranetako bisitarien zentroan LGTBI pertsonekiko begirunea adierazteko kartelak jarriko zituztela, "mundu guztiak ikusteko moduan", baita web orrian ere. Modu horretan, Gatz Harana Fundazioak "askatasuna, berdintasuna eta indarkeria matxistaren aurkako balioak hobeto ikusaraztea" nahi duela adierazi zuen. "Horien gainean kontzientziatzen lagundu nahi du; are gehiago, azken aldian atzeranzko joera minoritarioa dagoela kontuan hartuta".

Del Valek gaineratu zuenez, kartel horien bitartez adierazi nahi dute "talde kaltebera bateko edozein pertsona ongietorria dela eta naturgunean eroso senti daitekeela". Izan ere, haren esanetan, "gaur egun ere beharrezkoa da herritarren artean sentsibilizazioan inbertitzea".

"Turismoa erakartzeko"

Bada, iragarritako ekimena "mesfindantzaz" hartu du Lumagorri zisheterosexismoaren aurkako taldeak, eta salatu du Gatz Harana Fundazioa eta Diputazioa "LGTB pertsonen merkantilizazioa" sustatzen ari direla. Besteak beste, ekimenak LGTB pertsonen "turismoa" erakartzeko helburua daukala uste du Lumagorrik, "interes ekonomiko hutsagatik"; eta gogoratu dute duela urtebete Euskal Herriko LGTB kolektibo ugarik, 160 mugimendu sozial eta sindikal baino gehiagoren babesarekin, "horrelako operazio merkantilistak" salatu zituztela.

LGTB pertsonen eskubideen aldeko konpromisoaren berme diren beste neurri batzuk ezarri beharra aipatu du taldeak: "Aldundiaren konpromisoen artean ez dakigu ezer kontratazioei buruz; ba al dago lan-eskaintzetan trans pertsonak barne hartzeko interesik? Ba al dago eta aplikatzen al da LGTBI pertsonen jazarpenaren aurkako protokolorik? Langileekiko akordio eta hitzarmenetan ikuspegi ez-heterozentratua erabiltzen da? Kontuan hartzen al da familia-antolaketa tradizionalaren kontzeptua ez dela bizitzeko modu bakarra?". Neurri horiek hartu ezean, Lumagorriren esanetan, erakundeek ez dute LGTB pertsonekiko begirunea adierazten, "baizik eta kolektibo hori merkatu-hobi gisa ikustea, haien aldarrikapenak mespretxatuz eta zoologiko bat balitz bezala tratatuz". 

Kanpainaren diseinuaren inguruan ere kritiko azaldu da Lumagorri, eta aipatu dute argitaratutako kartela "erabat ikusezina" dela. "Egia da ortzadarraren bandera jarrita dagoela, baina ez dago kolektibo hori ikusaraziko duen berariazko aipamenik; bide batez esanda, ortzadarra ez da LGTB siglek biltzen duten aniztasun guztiaren adierazgarri".

Halaber, diputatuak erabilitako "tolerantzia" hitzarekin kritiko agertu da taldea. "LGTB pertsonekiko tolerantzia jarrera hegemoniko batetik baino ezin da ulertu, kuestionatu ezin daitekeena eta arauan sartzen ez direnen pertsonen errealitatea iraunarazi nahi dituena". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide