Udala gobernatzen duen Berantevillako Alternatiba Independentea (BAI) taldeak salatu du, iragan irailaren 6an, taldeko zinegotzia den Sandra Mulasen ibilgailuaren kontrako erasoa egin zutela ezezagunek. Udal gobernuak herriko azpiegituretan osasun neurriak bermatzeko ezarri dituen murrizketekin lotu du gertaera BAIk prentsa ohar batean. "Gure taldekideak, zinegotzi moduan, udal instalazioen erabileraren murrizketak iragartzen zituen kartelak jarri eta gero horrelako zerbait jazotzea susmagarria iruditzen zaigu".
Taldeak berretsi du horrelako erasoak ez dituela onartuko, "publikoki salatuko ditugu beti". Halaber, dei bat egin du "pandemia egoera honetan" udalerrian elkarbizitza zaintzeko. "Bizi dugun egoera oso desatsegina da bizilagun guztientzat, eta sarritan gustuko ez ditugun erabakiak hartzera behartuta gaude, baina errepresaliak hartzeak ez du laguntzen".